Etxebizitza legea, galdutako aukera bat

Elkartzen 2015ko eka. 30a, 08:15

Argazkia: www.etxebide.euskadi.eus

Azkenik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Etxebizitza Legea onartu da. Beste behin ere, gure herriaren zati bat, herena, erregulatzera mugatzen den Legea. Nafarroa Garaiarekin, Nafarroa Behearekin, Lapurdirekin eta Zuberoarekin kolaborazioa eta komuneko lana planteatu ere egiten ez duen Legea.

PSE gobernuan egon zenean aurkeztu zuen Lege Proiektuan oinarritutako testua da; 2011ko otsailean kritikatu genuen Lege Proiektua hain zuzen. Etxebizitza duin baterako sarbidea eskatzen zuten pertsonen arazoa ez zuela konpontzen esan genuen momentu hartan.

Egia da, garai hartan zalantzan jartzen genituen hainbat aginduri ukituak eman zaizkiola, baina ez da nahikoa. Onartutako Legearen testua aztertu ondoren hurrengoa adierazi nahi dugu:

- Etxebizitza hutsa. Esan genuen, arazoa etxebizitza hutsaren definiziotik datorrela. Bi urte okupatu gabe denbora luzea da. Definizio murriztaileago bat behar dugu, eta guretzako hurrengoa da: “Etxebizitza hutsen kategorian sartu behar da, gutxienez, lan egutegiko atseden egunen %50etan (70 egun) okupatuta ez dagoen etxebizitza”. Etxebizitza hauei erabilpenaren konfiskazioa ezarri behar zaie alokairu sozialean erabili ahal izateko. Horrela, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzen da; Lege honetan jasotzen den kanon onargarri batekin eta bigarren etxebizitzak ukitu gabe bermatzen ez dena.

- Etxe kaleratzeak. Instituzioen hiru urtetako erabilpenaren jabetzea gutxiegi da, eta are gehiago aurreikusten diren baldintzetan. Egoera hau ematen denean, etxebizitzaren erabilera ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZA PARKE PUBLIKORA bideratu beharko litzateke. Lehengo jabea alokairu sozial batera pasatuko litzateke bizitza osorako. Eta alokairu soziala, bizikidetza unitatearen diru sarreren %15era mugatuta egongo litzateke; kredituen presiotik libre, bizitza proiektu berri baten hasiera ahalbidetuko duen alokairu soziala. Legearen idazketarekin ez da argi geratzen zer gertatzen den hiru urteak pasa eta gero.

- Berebiziko garrantzia daukan afera izanda, aurrekontuaren gaia, beldurra emateko modu friboloan tratatzen da. 2015erako Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastu totala 106,84 milioi €takoa da (Administrazio Publikoaren eta pertsonalaren gastu guztiak barne). Kantitate honen %80a 85,472 milioi € dira, 2012an 90.000 bizikidetza unitateren etxebizitza eskariari erantzuteko erabiliko litzakeena hain zuzen (2015ko aurrekontuetan ez da datu hau agertzen). Kopuru honi Departamenduaren berezko gastuak kentzen badizkiogu, adar jotze batetik oso hurbil geratzen den benetako huskeria baten aurrean gaude. Hurrengo aurrekontuetan partidaren gehitzea eskatu behar da, bestela huskeriaren %100a huskeria izaten jarraituko du.

- Etxebizitza pribatuetako eta hipotekaren exekuzio prozesuan dauden etxebizitzen “tanteo y retracto” eskubidean, zein erabilpenaren desjabetze eta alokairu derrigorrezkoen kasuan, ez da jabegoari ordaindu beharrekoan limiterik ezartzen. Eta egoera hau oso arriskutsua da, praktikan, gehiegikeriak ahalbidetzen dituelako; hau da, diru publikoa esku pribatuetara bideratzea ahalbidetzen da.

- Funtzio soziala edo/eta kontserbatu beharraren babespean ez dauden etxebizitzen desjabetzei dagokionez, zera adierazi nahi dugu: ez dugu ulertzen etxebizitza hauek desjabetze prozesutik kanpo uztea, ez-betetze sozialaren emaitza berdina izango baita.

- Lege honek ondare publikoaren kudeaketaren pribatizazioa sendotzen du. Babestutako etxebizitzaren kudeaketa Lege mailara igotzen du. Babestutako etxebizitzaren kudeaketan higiezinak sartzearekin eta etxebizitza publikoa inbertsio-funtsei saltzearekin nahikoa ez eta, orain, entitate pribatuek eraikin publikoen erabilera kudeatzea erregulatzen da. Lege hau babestu duten alderdi politikoek, “soziala eta ezkerrekoa” eta babesgabetasun handiena pairatzen duten sektoreen mesedetan egindako legea dela esango dute gainera.

- Etxebizitza baterako sarbidearen arazo handienetarikoa alokairuen prezio altuak dira; Legean aipatu ere egiten ez den arazoa. Legeak ez dio alokairuen prezioari limiterik jartzen, beste merkatu batzuetan ematen den prezioen erregulazioa bazterrean utziz.

- Eskubide subjektiboa. Eskubide hau eskubide objektiboa izan behar da, administraziotik bermatu beharrekoa, eta ez egoera berezi batzuk eman behar izatea momentuko administrazioaren erabakipean geratzeko. Hemen ez bada hezkuntzara edo osasungintzarako sarbidea dudan jartzen, zergatik dudan jarri etxebizitza erabiltzeko eskubidea?

Beste alde batetik, eskubide hau nola exijituko den erregulatzea falta da. Sarbiderako baldintzak izugarriak dira: pertsonak edo bizikidetza unitateak 9.000€ko gutxieneko diru sarrerak izan beharko ditu. Denbora tarte horretan ez al dira bizi?

- Azpimarratzeko beste egoera bat. Legeen elaborazio prozesuan, eragile sozialek parte hartzea eta kolaborazioa testimoniala baino ez da. Parte hartzea Ponentzia landu duen Komisioaren aurrean egindako agertze batera mugatu zen. Ondorioetan Ponentziak, Parlamentuko marmolezko korridoreetan emandako “pasteleoa” jaso du; herritik urrun, alderdi politikoen negoziazioak jaso dira, eragile sozialak kontsultatu gabe.

- Bukatzeko, Lege hau Lurzoruaren Legearen jarraipen bat dela esan nahi dugu. 2006an jada esaten genuen Lurzoruaren Legeak ez zuela etxebizitza duin baterako sarbidea behar zuten pertsonen arazoa konpontzen. Penagarria da ideia berdinean indar egin beharra. Etxebizitza Legea sektorearen patronalaren presio taldeen gustuko legea da. Ez du HIRIGINTZA BASATIAREKIN bukatzen, etxebizitza hutsen parkearen berrerabilpenaren gainetik eraikuntza ahalbidetzen baita. Ulertezina da gainera, etxebizitza hutsen Erregistro bat osatzeko aukerari muzin egitea. Datu ofizialen arabera, 2005erarte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren zementatutako lurzoruaren azalera %14,5ekoa zen. Honi AHTa, errepideak eta abar gehituz, esan genezake belaunaldi batean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurzoruaren laurden bat zementatuko genukeela. Ezkerreko alderdiek nola babestu dezakete Lege hau?

 

Elkartzen