1936/37ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina bildu ditu liburuxkan eta erakusketan euskal-alemaniar Baskale elkarteak. Rakord Filmakekin batera, 23 minutuko iraupena duen dokumentalera eraman du jasotako materiala hainbat iritzirekin osatuta. Ikus-entzunezko lana edonoren eskura jarri du Baskalek, ikusi eta deskargatzeko moduan.
Euskaldunok Condor Legioari buruzko "gauza asko" entzun ditugu Baskale euskal alemaniar elkarte soziokulturaleko Andrea Heuschmiden arabera. Horregatik 2012an, Alemanian, ‘...Luftwaffe-ren erabateko arraskata’ izena zuen erakusketako edukiak Euskal Herrian kaleratzea proposatu zietenean, Baskale elkarteko lagunek euren buruari galdetu zioten "ea merezi zuen 36ko gerraren, Condor Legioaren eta Gernikaren suntsipenaren historiari buruzko beste lan bat egiteak". Izan ere, historia horrren "parte batzuk" ezagunak dira, baina oraindik orain "badaude hutsuneak". Esaterako, "inork gutxik ezagutzen du militar alemaniarrek indar kolonial espainolari emandako laguntza Rifeko gudaren azken unean". Hori guztia Condor Legioak airetik Bizkaiko herriak suntsitu baino 20 egun lehenago gertatu zen.
Urte haietako suntsipenak ez ezik, museo eta omenaldietan "orduko kriminalek eta haien ondorengoek" historia nola azaltzen duten ere erakutsi nahi izan du Baskale elkarteak: "Gaur egun, Gernikan, Durangon edota Otxandion gertatu ziren bezalako suntsipenak ari dira gauzatzen munduan, beste kriminal batzuk eraginda". Horrela, jatorrizko erakusketa alemaniarraren itzulpena eginez "hutsune historiko horiek betetzea" izan da elkartearen asmoa. "Uste dugu merezi izan duela".
Eraskuketan eta liburuxkan jasotako informazio eta irudiak ez ezik dokumentalean hainbat adituren iritziak ere jasotzen dira, esaterako, Oiane Valero historialari eta ikertzailearena, Ingo Niebel kazetari eta historiagilearena, Hubert Brieden ikerlariarena, Xabier Irujo historialari eta filologoarena edota Angel Viñas diplomatikoarena.
Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso du dokumentalak.