Alondegiak bere izena berreskuratzeko sinadura bilketa abiarazi dute

uriola.eus 2015ko uzt. 2a, 16:05

Change.org atarian 900 herritarrek babestu dute Azkuna Zentroak aurreko izena berreskuratzeko eskaria. Eskaria abian jarri duen Idoia Ugalderen esanetan, "Alondegiak berezko duen izen hori berreskuratzea nahi dugu, eraikinaren hasierako funtzioa adierazten duelako". 

Eskaera "sinplea da" Idoia Ugalderentzat: "Alondegiak berezko duen izen hori berreskuratzea nahi dugu, eraikinaren hasierako funtzioa adierazten duelako, eta funtzio hori, eraikinaren egiturarekin batera, sute eta berritzeekin galdu denez, 'Alondegia' izena behintzat mantentzeak eraikinaren identitate guztia ezabatzea ekidingo duelakoan gaudelako".

Alondegia eraikin historikoa da Bilbon, mende bat baino gehiagoko bizi malkartsua izan duena: 1919ko suteaz geroztik, lehenengo berriztatzea egin zen, eta 80. hamarkadan, luzaro itxita egon eta gero, plan ezberdinak mahagaineratu ziren, 2010ean gaur egun ezagutzen dugun gizarte eta kultur zentroa ireki zuten arte. Eraikinaren berriztatzea bultzatu zuen alkatearen (duela gutxi hil den Iñaki Azkunaren) izena jarri zaio eraikinari azken urtean, eta, beraz, Ugalderen hitzetan "berezko izena galdu du Alondegiak".

 

Eskaria: Alhondigak bere izena berreskuratu dezala