Bilboko Aste Nagusiko sinboloa da Badator Marijaia abestia. 1997an sortua izan zen eta, egun, ez dauka ikus-entzunezko euskarri ofizialik. Hori dela eta, abesti honen bideoklipa sortzea proposatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Bilboko Udalarekin elkarlanean. Bideoklipean Harrapazank 10. edizoko, 2015eko finalistak izango dira protagonista Bilboko elkarteetako kideekin eta hainbat kolaboratzailetekin batera.
Harrapazank egitasmoko finalistak 9-18 urte bitarteko Bilboko 30 gazte inguru dira. Harrapazanken musika eginez finala jokatu zuten gazteek Badator Marijaia abestiaren hasiera bertsiatu dute, dantzariek dantza egingo dute eta antzezleek, noski, antzerkia.
Grabaketan parte hartuko duten Bilboko elkarteen artean daude Bilboko Konpartsak edota Euskal Gorrak.
Kolaboratzaileen artean, berriz, besteak beste, Oihana Bartra, Galder Perez, Koikili Lertxundi, Ane Zabala, La Otxoa, Mikel Martinez, Nerea Mazo, Itziar Ituño, Ugaitz Alegria, Mitxel Santamarina, Jesus Castroviejo, Mari Carmen Ruiz, Eguzki Zubia, Arbolarte zentroa edota Amaia Usandizaga.