Bero egiten duenean, aire zabalean jarduera fisikoak eginez gero, galdutako likidoak gorputzari berriro emateko behar handiagoa egoten da; beraz, nahiz eta egarri ez izan, ohi baino likido gehiago edan behar dugu. Ariketa egiten hasi aurretik, egin bitartean eta egiten amaitu ondoren edatea komeni da. Ura eta sasoiko frutez egindako zuku naturalak dira hidratatzeko aukerarik onenak.
Umeek eta adinekoek arreta bereziagoa behar dute. Zehatzago, eguzkitatik babestuta egon behar dute bero egiten duen lekuetan eta sarritan edan behar dituzte likidoak eta edari freskoak.
Animaliek ere sarriagotan edan behar dute eta eguerdi aldean eta bero gehien egiten duen orduetan espazio lehor eta freskoan atsedena hartzea komeni zaie.
Sasoiko fruta eta barazkiak
Udako klimak merkatuan fruta eta barazki asko egotea dakar. Horiek izan daitezke dieta osasungarria eta orekatua izateko oinarria, dentsitate energetiko urrikoak eta ur eta substantzia antioxidatzaile asko dituztelako: Egunean hiru pieza fruta eta pieza bi edo gehiago barazki eta ortuari jatea gomendatzen dute adituek.
Frutak oso egokiak dira hidratazioari begira eta bitamina, mineral eta substantzia antioxidatzaile askoren ekarpena egiten digute. Gainera, beltzaran kolorea lortzeko prozesuan lagungarriak dira eta erradikal askeei zein izpi ultramoreei aurre egiteko ere bai.
Beste alde batetik, beroarekiko oso sentiberak diren elikagaiei dagokienez, hotz kateari eustea eta prestatutako edo berotutako elikagaien tenperatura modu egokian kontrolatzea oso garrantzitsua da. Zalantzak edukiz gero, hobe da susmagarria den edozein elikagai ez jatea.
Fruta eta barazkiak batetik, eta, bestetik, babesteko krema, eguzki betaurrekoak eta kapela dira udan nahitaez erabili beharrekoak.