Bilbao BBK Live jaialdirako operatibo berezia prestatu dute

uriola.eus 2015ko uzt. 7a, 15:03

Dena prest dago uztailaren 9, 10 eta 11an Kobetamendin ospatuko den BBK Live jaialdiaren X. ediziorako. Antolatzaileek esan dutenez, aurtengoa edizio arrakastatsua izango da, esparru guztiz betetzeko gutxi falta baita. Honen aurrean, Udalak trafiko, segurtasun eta garbiketa operatibo handia jarriko du martxan Bilbao BBK Live 2015 berriz ere nazioarte mailan garrantzi handiko ekitaldia bihurtu dadin.

Ildo horretan, Udalak jaialdian izango direnen laguntza eskatu du; baita udaltzainen eta antolakuntzako langileen jarraibideei arreta berezia jartzea, aurten ere Bilbao BBK Live nazioarteko jaialdi-sareko derrigorrezko hitzordu eta punta-puntako kultura- eta aisialdi-ekitaldi bezala sendotu dadin.

Pixkanaka-pixkanaka bertaratu eta itxaronaldiak laburtzeko asmoz, Udalak ahalik eta lasterren hurreratzen joatea gomendatzen du. Era berean, gogorarazi du, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta kontzertuek iraungo duten hiru egunetan, antolakuntzak abian jarriko dituen doako autobusek Beyena fabrika zaharraren parean utziko dituztela bidaiariak (jaialdiaren esparrutik 800 bat metrotara) eta oinez hamar minutuan egiteko moduko ibilaldia izango dela.

Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago iritsi ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Kobetamendirako sarbideak

Ibilgailu pribatuentzako lehenengo mugaketak asteazkenean, hilaren 8an, 08:00etan ezarriko dira, eta horrela jarraituko dute hilaren 12ko, igandeko, 16:00ak arte. Hartara, Kobetabidea trafikorako itxita egongo da Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik Kobetamendiko garagardotegira arte. Segurtasun-arrazoiak direla eta, ekitaldiaren antolakuntzak ibilgailu baimenduei, garraio publikoari eta egoki baimendutako auzokideei baino ez die pasatzen utziko. Horretaz gain, Bilboko Udalak 'Miribilla-Ospitalea' 58. linea indartuko du uztailaren 10ean, 11n eta 12an. Beste hiru autobus ipini eta maiztasuna areagotu du, neguko lanegun bateko ordutegia ezarriz. BBK Live jaialdira joango direnek jaialdi-esparrura heltzeko hainbat aukera izango dituzte:

 

Doako autobusak

Bilbao BBK Live jaialdira joango direnek 40 lotura-autobus izango dituzte eskura, doan. Ohi den bezala, joateko autobusak BECetik (Barakaldo), Ansioko metroko geralekutik gertu, eta Termibus-San Mamesetik hurbil abiatuko dira. Zehazki, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (Ogasuna-EITB) atzeko aldean. Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute uztailaren 9ko, osteguneko, 8:00etatik 12ko, igandeko 15:00ak arte. Zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da eskaera eta aurreikusitako beharren arabera, baina jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera gutxi gorabehera, lehengo Beyena fabriketan geratuko dira eta bertatik 800 metroz ibili beharko dute jaialdiko eremura heltzeko.

 

Era berean, programatutako kontzertuak amaitzen direnean, lotura-autobusak itzultzeko erabili ahal izango dira. Beyenaren parean dagoen geralekuan, gune hesituan gelditu ahalko dira jaladira joandakoak, Basurtu-San Mamesera edo BECera eramango dituzten autobusen zain.

Halaber, kanpinlariek kanpinera joateko autobusak izango dituzte uztailaren 8tik, asteazkenetik (12:00etatik hurrengo eguneko goizeko 6:00etara) eta jaialdiak iraungo duen hiru egunetan 24 orduz, bai kontzertuen eremura bai kanpinera bueltatzeko ere. Bueltatzeko autobusak, besteak bezala, 16:00etatik aurrera aterako dira.

Metro zerbitzuak

Bestalde, Bilbaoko Metroak zerbitzu berezia eskainiko du hilaren 9an, ostegunean, Mumford & Sons kontzertura joandakoak etxera bueltatzen direnerako, 01:00etatik 03:00etara. Gauzak horrela, Metro Bilbaok zerbitzua eskainiko du gau osoan.

Taxiak

8:00etatik 16:00etara, taxiek bidariariak jaialdiaren sarreratik hurbil utzi ahal izango dituzte. 16:00etatik aurrera gutxi gorabehera, behin trafiko eteten denean, jaialdi-esparrura joaten diren taxiak Altamiran geldituko dira. Gainera, aparkaleku berezia prestatuko da bertan uztailaren 11n, 12an eta 13an.

Oinezkoen sarbidea

Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago iritsi ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Termibus-San Mames inguruan daudenek hiria eta jaialdi-esparrua 25 minutu inguruan lotzen dituen oinezkoentzako sarbidea erabili ahal izango dute. Ibilbidea oso ondo adierazita dago eta Termibusetik Kobetamendira doa honako ibilbideari jarraituz: Termibus, Gurtubai, Montevideo etorbidea, Basurtobekoa, Bentazaharra oinezko zubia, Lezeaga, Kobetabidea eta Kobetamendi.

Mugikortasun murriztuko pertsonak

Antolakuntzak mugikortasun urriko pertsonentzako autobus-zerbitzu etengabea eskainiko du Beyena fabrika zaharraren alboko geralekutik jaialdi-esparrura joateko.

Autokarabanetarako behin behineko aparkalekua Zorrotzaurren

Kobetamendin autokarabanak uzteko udal gunea itxita egongo da ekainaren 28tik uztailaren 17ra, Bilbao BBK Liveko kontzertuetan behar izango diren ibilgailuak eta gainerako tresnak gorde ahal izateko.

Eremu hori itxita egongo denez, Udalak egun horietan ordezko doako aparkaleku-zerbitzua egokitu du Zorrotzaurren, Deustuko kanalaren eskuinaldean (Zarandoa etorbidea, 9/21, Agemasa sailak), autokarabanazaleek bertan aparkatu ahal izateko. Aparkalekuan gutxi gorabehera 60 leku egongo dira. Behin behineko aparkaleku horretatik Bilboko erdigunera garraio publiko bidez joateko aukera dago, dela metroan (San Inazioko geltokia), dela autobusez (Bilbobusen 10., 13., 18. eta 71. lineak).

Kanpalekuak eta agertokiak

Bilbao BBK Live jaialdiko kanpaleku-eremua jaialdi-esparrutik 3 kilometro eskasera dago eta Bilboko aisialdi-eremu handienetakoa da. Berdegune natural eta zabala da, zuhaitzekin, 120.000 metro koadro ingurukoa eta 15.000 pertsona inguru hartzeko ahalmena duena. Kanpinean behar diren zerbitzu guztiak daude: ura, dutxak, supermerkatua, txarteldegiak eta jatetxe-gunea. Hilaren 8ko, asteazkeneko 12:00etan irekiko da, eta hilaren 12ko, igandeko 12:00etan itxi.

Udalak gogorarazi duenez, egokitutako gunean baino ezingo da kanpatu baldin eta, jaialdirako sarrera kanpaleku eskubidearekin erasi badira. Janaria eta edaria eraman ahal izango da baina, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezin da surik egin. Era berean, kanpinetik jaialdi esparrura joateko eta itzultzeko 24 orduko doako autobuszerbitzua erabiltzea gomendatzen da, batez ere gauean, kontzertueremutik kanpinera. 

 

Bilbao BBK Livek Yourope (The European Festival Association) Elkarteak ematen duen Green ‘n’ Clean egiaztagiria jaso zuen, eta aurten ere ingurumenarekiko arduraren eta konpromisoaren aldeko apustuari eutsi nahi dio. Horregatik, zaborrontziak eta instalazio osoa egoki erabiltzeko erregutzen zaie kanpinzaleei.

Jaialdi-esparrua 17:00etan irekiko da egunero, eta Bilbao BBK Live 2015eko musika bost gunetan bilduko da: ohiko bi agertoki nagusietan eta sortu diren hiru eremu alternatibo berrietan. Guztietan ere, programazio zainduaz gozatzeko aukera egongo da.

Bi agertoki nagusien alboetan, soinu-mahaien parean, altxatutako eremu bat egongo da, mugikortasun urriko ikusleek ekitaldiak ikusteko aukera izan dezaten.

Garbiketa

Kanpalekuan hainbat jasoaldi egingo ditu garbiketa-operatiboak kontzertuen aurretik. Gainera, 1.100, 2.400 eta 360 litroko 190 edukiontzi ipiniko dira, baita 10 m3-ko eta 20 m3-ko beste bi edukiontzi ere.

Bilbao BBK Livek iraungo duen hiru egunetan, 08:00etatik 15:00etara, esparru osoa garbitzeko eta hondakinak jasotzeko lanak egingo dira. Garbiketa eta desinfekzioan egunero, batez beste, 30 beharginek parte hartuko dute, 15 ibilgailuez lagunduta.

Bilbao BBK Live 2015 amaitu ostean, Kobetamendiko parkea goitik behera garbituko da, hortik aurrera herritar guztiek erabili eta gozatu dezaten.

Segurtasuna

170 lagunek segurtasuna mantentzeaz arduratuko dira, bai kontzertu-esparruaren inguruko hesi bikoitzaren barruan bai horretatik kanpo. Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, sarbideak eta esparruaren sarrera zainduko ditu, lege-hausterik eta istilurik egon ez dadin, eta arreta berezia egingo dio legez kanpoko sarreren salmentari.

Kontzertu-esparruan osasun-gune bat egokituko da, bi areto bereizitan banatuta: osasun-arretako aretoa eta eboluzio-aretoa.

Gainera, jaialdi-esparruaren barruan nahiz kanpoan erantzun egokia ziurtatzen jarraitzeko, Jaialdiaren Segurtasuneko Koordinazio Zentroa antolatu da. Bertan bilduko dira segurtasun-langileak, Udaltzaingoa, suhiltzaileak, Babes Zibila eta osasun-langileak. Koordinazio-zentroa eta osasun-postua autokarabanen aparkalekutik gertu egongo dira.

Kontzertuek dirauten artean, anbulantziak egongo dira esparruko hainbat lekutan: bi agertoki nagusietan, atseden-gunetik hurbil eta osasun-zentroan. Horietako bat eguneko 24 orduetan zerbitzuan egongo da. Suhiltzaile-kamioia, ekipo tekniko osoa langile guztiak barne, produkzio-guneko edozein larrialditarako prest egongo da.

Kanpalekuan ere segurtasun-langileak eta osasun-arreta egongo dira eguneko 24 orduetan.

Jaialdirako aholku eta arauak

1. Gogoratu oinetako eta arropa erosoak eramatea. Bero handia egiten badu, ez ahantzi ondo hidratatuta egotea: edan ura askotan, eta erabili eguzki-babesak.

2. Adi egon zure gauzekin. Kanpalekuan kontsignak daude, baina aldean, poltsan edo bizkar-zorroan badaramatzazu, eduki itzazu beti begibistan (adibidez, ipini gorputzaren aurrealdean), eta ez gorde inoiz kartera edo diru-zorroa atzeko poltsikoetan.

3. Gogoan izan. Ez esatea EZ esatea da, edozein hizkuntzatan. ERRESPETATU.

4. Kontuz ibili bono eta sarrera faltsuekin. Sarrera bakoitzak kode bakarra, kopiatu ezina du, egiazkotasuna ziurtatzeko.

5. Erabili itzazu autobusak akanpaleku-eremutik kontzertu-eremura eta alderantziz, batez ere gauez. 24 orduz egongo dira eta DOAKOAK dira.

6. Guztiz debekatuta dago oihal-denda kanpalekutik kanpo jartzea, edota BBK Livera sartzea objektu zorrotzekin, metalezkoekin, kristalezkoekin, jaurtigarriekin, sukoiekin edo kolpagarriekin. Era berean, ezin da janaririk edo edaririk sartu. Lagundu egiguzu eta zatoz arin BBK Livera.

7. Paperontziak eta edukiontziak daude esparru osoan. Erabili, mesedez. Kobetamendi ingurune natural aparta da, eta horrela jarraitzea nahi dugu.

8. Zaindu zeure burua. Ez erosi janaririk edo edaririk saltoki "piratetan”, osasunkontrolik izan ez dutenetan. Eta gogoan izan: neurriz kontsumitu.

9. Lagundu antolakuntzako langileei eta errespetatu euren jarraibideak. Zure onerako da. Kanpalekuan nahiz esparru nagusian osasun-arreta eta segurtasunlangileak aurkituko dituzu, beraz, laguntzarik behar baduzu jarri zaitez eurekin harremanetan. Larrialdietarako telefonoa 112 da.

10. Gozatu topera Jaialdia eta hiria. BBK Liven Bilboko kultura-, ostalaritza- eta aisialdi-alorreko informazioa aurkituko duzu. Aprobetxatu!

Egitaraua