Aktore, gidoilari, zuzendari eta kazetari ezaguna da Gurutze Beitia. Antzokietako taula gainean zein telebistan hainbat lan egindakoa Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean. Jai Batzordeak aditzera eman duenez, bere lana aitortu nahi izan du bere hautaketarekin.
Komedian nabarmendu da batik bat Beitia. Aurten, esaterako, bost antzezlanetan parte hartu du: La Gaviota (Gustavo Tambasciorena), Lady be good (Emilio Sagi eta Kevin Farrel), El duo de la africana (Emilio Sagi), De cuerpo presente eta La última oportunidad (Galder Perez).
Arriaga Antzokiko balkoitik botako du pregoia Gurutze Beitiak abuztuaren 22an. Ondo ezagutzen du Arriaga Gurutzek, bai antzokiaren 125. urteurreneko ekitaldian aurkezle aritu delako bai bisita gidatuetan gida gisa jardun duelako.
Jaiekin eta konpartsekin ere lotura estua du Beitiak. 2010eko inauterietan, besteak beste, Zaranbolas izendatu zuten, eta azken urteetan Farolin eta Zaranbolasen epaiketa zuzendu duen aktore taldean aritu da.
Txupinera
Oihana Pascual Manchado 1986an Begoñan jaioa eta hazia da, Alde Zaharreko bizilaguna egun. Ingurugiro Zientzietan lizentziatua da ikastetaz, irakaslea ogibidez. Txomin Barulloko kidea da 2006az geroztik eta konpartsako talde-eragileko kidea.
Txomin Barullori egokitu zaio aurten zozketa bidez bere konpartsakideen artean txupinera hautatzea. Konpartsarik beteranoena den arren, 1978ean sortua, orain artean ez du txupinerarik izan. Horregatik aipatu du, besteak beste, Bilboko Konpartsak umoretsu bere Twitter profilean "bazen garaia, zorionak Txomin Barullo! 37 urte eta 37 Aste Nagusi itxaron behar izan ditu Txomin Barullok txupinera izateko. Hori bai pazientzia".