Natura Gure Ardura ekimenak 'Frackanpadara' joateko deia egin du

uriola.eus 2015ko uzt. 9a, 11:30

Argazkia: EH Eskubideen Karta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan sorturiko Natura Gure Ardura ekimenak gasa ateratzeko frackinga bezalako teknika "zentzugabea" dela salatu du gaur Bilbon. Petroleoa ateratzeko teknika honen aurkako manifestua aurkeztu eta uztailaren 13-19 bitartean Gasteizen izango den frackingaren aurkako akanpadara, 'Frackanpada' joateko deia luzatu du.

Natura Gure Ardura Ekimenaren Manifestua
Natura Gure Ardura ekimenetik, datorren astean Subilla Gasteizen egongo den Frackanpadara joateko deia egiten dugu

Natura Gure Ardura ekimena abiatzen dugunok naturarekiko herritar arduratuak gara, gure eta hurrengo belaunaldiekin arduratuak. Bakarka edo kolektiboki ekimen, talde, erakunde eta esparru askotan aritzen gara, baina gure ustez Natura Gure Ardura nagusia dela esateko ordua iritsi da.

Euskal Herritik gure inguruan eta munduan gertatzen denari begira gaude eta ezin dugu lasai egon, ardurak hartzeko garaia aspaldian heldu da eta erronka horri eutsi behar diogula argi eta garbi ikusten dugu.

Ekonomia eta gobernantza ereduaren krisi larrian murgilduak gaude, baina hauek krisi sakonago baten sintomak dira, naturarekiko dugun harremanetan bilatu behar dugularik krisiaren iturria.

Natura xahutu eta hondakinak uzteko joera jarduera ekonomiko gehienetan topa dezakegu: arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza intentsiboan, industrian, turismoan eta abar. Azken urteotan azpiegitura erraldoien eraikuntza amorratua izan da. Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak izan ditugu euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. Ekonomikoki, berriz, diru publikoak xahutu eta poltsiko pribatuetara eramateko jarduera izan da.

Maila globalean, abian diren aldaketa klimatikoa eta krisi energetikoa dira gure arazorik premiazkoenak. Gure espezieak planeta honetan bizitzeko behar dituen baldintzak desagertu daitezke. Arazo hauen aurrean ausardia beharrezkoa da, bai indibidualki baina bereziki kolektiboki. Horregatik diogu natura denon ardura dela.

Zorionez, aldaketa kulturala martxan dago, antropozentrismo erradikaletitik urrunduz, garapenzalekeriatik aldenduz, sostengarritasunerantz abiatuz. Milaka ekimen eta ideien aurrean gaude, baita gure herrian ere. Aldaketa sozioekonomiko eta kulturalean jardun behar dugulakoan gaude: alternatibak marraztuz, proiektuak bultzatuz, utopiak babestuz, natura eta bizitza ardatza hartzen duen jendarte eredua birsortuz.

Behar ditugun aldaketak gauzatu ahal izateko, kolektiboki hartzekoak diren urgentzia handiko erabakien aurrean gaude: Abiadura Handiko Trena bertan behera laga, frackinga bezalako teknika bortitzak debekatu, CO2 emisioak mugatzeko politika eraginkorrak abiatu, energia berriztagarrien alorrean ekimen herritar eta kolektiboak sustatu eta monopolio elektrikoen eredua desegin eta beste hainbat. Kontu hauetan hurrengo urteotan Euskal Herrian dauden gobernuei politika eraginkor eta iraunkorrak, hiritarron parte hartzeaz eta gardentasun osoz adostutakoak, exijituko dizkiegu. Gure zereginean ekimen politikoak eta mobilizazioak proposatuko ditugu. Epe laburrean erabaki asko bultzatu behar dira eta naturaren ardurak agenda politikoan presente egon behar du.

Indarrak batzeko dei egitera gatoz gaur, fracking teknikaren bitartez gasa erauzteko plana bertan behera behingoz uztea exijitzea da gure momentu honetako lehentasunetako bat. Horregatik eta horretarako, manifestu honekin bat egiten dugun eragileok FRACKING EZ taldeei gure atxikimendua ematen diegu oraingoan. Dei egiten dugu beraz Subillan antolatu duten Frackanpadan parte hartzera euskal jendarteari. Frackanpada, elkar aurkitzeko, hausnartzeko, ikasteko... gune bezala planteatzen dute, beraz, natura gure arduratzat dugun eragile eta kideok, derrigorrezko dugu bertan aurkitzea.