'Resumen latinoamericano' sostengatzeko kontzertu-sorta

uriola.eus 2015ko uzt. 10a, 10:30

Hogeita bi urteko ibilbidea bete du 'Resumen latinoamericano y del tercer mundo' hedabideak eta gaur iluntzean Kafe Antzokian sostengua emateko eta urtemuga ospatzeko ekitaldia antolatu dute.

Fredi Paia bertsolariarekin batera Norte Apache taldea eta Rafael Amor musikaria arituko dira oholtza gainean gaur 22:00etatik aurrera. Sarrerak aldez aurretik eskuratuz gero zortzi euroko prezioa du eta Kafe Antzokian bertan erosiz gero hamar euroko balioa. Sarreren dirua agerkaria sostengatzera bideratuko da.

Aldizkari eran sortu zen duela 22 urte 'Resumen latinoamericano y del tercer mundo'. Egun, paperean ez ezik Interneten ere irakur daiteke, eta irrati eta telebista edukiak ere lantzen ditu. Amerika Latinoko eta Hirugarren Munduko "aurpegi ezkutua" edota "beste aurpegia" ikusarazi eta zabaltzea izan da lehen unetik hedabidearen xedea. Kontrainformazioa lantzea, alegia.

 

www.resumenlatinoamericano.org