Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola beka, BRO eta DISTANT proiektuekin. Proiektu hauen bidez bi serie gauzatuko ditu: alde batetik collageena eta bestetik koloretako marrazkiena. Lana aurkezteko sei hilabeteko epea izango du Barkatek eta 6.000 euroko diru-laguntza izango du.
Irabazlea Arte Ederretan lizentziatua da, ikus-entzunezkoetan eta eskulturan espezializatua. Hala ere, bere esperientzia marrazketatik abiatu izan du beti. 2008tik zenbait sari eta beka jaso ditu: finalista Gure Artea 2008n (ikus-entzunezko arteetarako Bizkaiko Foru Aldundiaren beka); 3. saria Ertibil 2010ean; finalista ikus-entzunezko arteen txapelketan (Bartzelona); EHUren doktoretza aurreko ikerketa-beka; egonaldia MA estudioan (Beijing).
27 proiektu aurkeztu dira 2015ean
Guztira, 27 proiektu aurkeztu dira beka honetarako, baina epaimahaiak Nadia Barkateren lana goraipatu du. Epaimahaian egon dira, besteak beste, Francisco Javier San Martin historialari, arte-kritikari eta artearen historiaren irakaslea Arte Ederren Fakultatean eta Peio Agirre arte-kritikari, erakusketen komisario eta editorea. Ospe handiko pertsonak dira biak, arte plastikoen alorrean.
www.geuria.eus-etik hartua