Barik txartelen iraungitze-epea 4tik 7 urtera aldatuko da makina automatiko batean sartzean

uriola.eus 2015ko uzt. 14a, 11:21

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) erabaki du iraungitze-epea hiru urtez luzatzea Barik txartel guztiei, bai orain zirkulazioan daudenei bai aurrerantzean erosten direnei.

Egindako azterketa teknikoetan egiaztatu denez, Barik txartelak daukan txip integratua, "aitzindaria eta berritzailea inguruneko beste operadore batzuek erabiltzen dutenaren aldean", lau urte igaro eta gero "ezin hobeto" funtzionatzen ari da Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arabera. Horrek erabilera epea luzatzeko erabakia hartzeko aukera eman dio erakundeari.

Orain erabiltzen ari diren txartelen iraungitze-epea luzatzeko, erabiltzaileek nahikoa izango dute Bilboko Metroko edozein geltokira joan eta txartelak saldu eta kargatzeko makina automatiko batean epea luzatzea.

Txartela erabiltzeko azken eguna modu automatikoan aldatuko da, erabiltzailearentzako kosturik gabe. Nahikoa da txartela makinan sartzea. Egin beharreko tramite hori edonoiz egin daiteke, atzotik hasita, uztailak 13; baina betiere Barik txartela bere oraingo iraungitze-datara heldu baino lehen egin behar da.

 

Informazio gehiago: Bizkaiko Garraio Partzuergoa