Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio jendetsuena izan den hamargarren edizioa, jaialdirako beste kopuru historiko batekin amaitu da, izan ere, Kobetamendin egindako kontzertuetara, guztira, 120.000 lagun hurbildu ziren hiru egunetan: uztailaren 10ean, 11n eta 12an. Halaber, beste 21.000 pertsonak, Bereziak zikloaren barruan, Bilboko zenbait eremutan egindako jarduerez gozatzeko aukera izan zuten.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute aurtengo jaialdiaz. Gainera, "ez da inolako intzidenterik egon, asistentzia sanitarioak oso gutxi izan dira, eta jaialdi osoan joandakoen jokabidea bikaina izan da". Jaialdiak "aztarna ezin hobea utzi digu, datorren urteko edizioari begira", adierazi dute antolatzaileek. 2016rako "esparruko instalakuntzak baldintza onenetan mantentzeko eta aurreko edizioetako kalitate artistiko handiko kartela eskaintzeko lan egingo da".
Bilbao BBK Live, nazioarteko jaialdien sarearen barruan, "baztertu ezinezko hitzordua da". Gainera, Bilbora bisitariak ekartzeko "kultur eta aisia arloko maila altuko ekitaldi garrantzitsu bihurtu da".
Bilbao BBK Live jaialdia zenbakitan
Asistentzia, Bilbao BBK Live: 120.000 pertsona
Bereziak zikloa: 21.000 pertsona
Erabiltzaileak guztira: 141.000 pertsona
Jatorriaren arabera, jaialdira etorritakoen %27,7 gutxi gora behera EAEkoak ziren eta gainerako %72,3 Estatuko beste hainbat lekutatik eta gainerako herrialdeetatik etorri ziren. Beste autonomia erkidegoei dagokienez, Madril eta Katalunia zerrendaren buruan egon dira, aurreko edizioetan bezalaxe, %12,8 eta %7,7 hurrenez hurren. Atzerriko publikoari dagokionez, berriro ere, Erresuma Batutik eta Frantziatik jende ugari heldu zen, Bizkaiaren atzetik. Jaialdian egondakoen %4,7 Estatuko irletatik eta Europako gainerako herrialdeetatik edo AEBetatik, Australiatik etorri zen
Osasun arloko arreta, segurtasuna eta garbiketa
Orokorrean, jaialdian "berriro ere ez da intzidenterik egon" eta "erabateko" normaltasunez garatu da "segurtasuneko operatibo garrantzitsuari eta jendearen jarrera arduratsuari esker".
Sarreran kokatutako osasun-postuan 282 osasun-asistentzia egin dituzte. Hau da, joandakoen %0,24ri baino ez eta aurreko edizioan baino %36ri gutxiago eman zaie osasun-arloko arreta. Hauetatik, 14 baino ez ziren Basurtuko ospitalera joan behar izan eta, gehienbat, jaustearen eraginez egindako ebakidura eta traumatismoengatik izan dira.
Ertzaintzaren laguntzaz, Udaltzaingoak jaialdiaren zaintza-lana burutu du, "deliturik eta iskanbilarik ez egoteko". Gainera, sarreretako kontrolaren arduradunak eta kontzertu-esparruaren barruan segurtasuneko zaindariak egon dira. Guztira, 170 lagunek zaindu dute, gau eta egunez, jaialdian bildutakoen segurtasuna. "Ondorioz, ez da inolako iskanbila edo intzidenterik egon".
Garbiketako operatiboari dagokionez, kanpalekuan eta kontzertu-esparruan eguneroko hainbat bilketa egin dira. Horretarako, esparru osoan 243 edukiontzi ipini ziren eta egunero 30 behargin ibili dira lanean, batez beste. Guztira, udal garbiketa zerbitzuak 57.160 kg. hondakin bildu zituen (iaz baino %15 gehiago) eta 172.600 litro ur erabili zituen kontzertu-esparru osoa garbitu eta desinfektatzeko lanetarako.
Argibide gehiago
www.facebook.com/bilbaobbkliveoficial
Twitter: @bilbaobbklive #bilbaobbklive #infobbl