'Bilbo gorritzera goaz' eleberria argitaratu du Aimar Goenagak

uriola.eus 2015ko uzt. 15a, 09:47

Bere lehenengo liburuaren ostean, Beti gorriak! Patxaran, Osasuna ta San Fermin (Bubok 2013), bigarren eleberria kaleratu du Aimar Goenaga eibartarrak. Bilboko Aste Nagusian kokatu du narrazioa oraingo honetan.

Koadrilako lagunek endredatuta ekin zion idazteari. Urtebete inguru eman zuen idazten bere lehen lana, Beti gorriak! Patxaran, Osasuna ta San Fermin. Sanferminetan Iruñeara parrandan doan Eibarko koadrilari gertatutako gorabeherek osatzen dute istorioaren ardatza. Eta lehenengo liburu horrek "bigarren parte bat eskatzen duelako" idatzi du Aimar Goenagak Bilbo gorritzera goaz.

Anakotz eta bere koadrila dira oraingo honetan ere protagonista. Bilboko Aste Nagusian murgilduko dira. Jaiak manifestazio batekin nahastuko dira kontaketan, "pontxo jaurtiketarekin" eta gorabehera ugarirekin.

Narrazioa gazteleraz idatzi du Goenagak, "baina elkarrizketak-eta euskaraz daude". Gainera, euskalkiak erabili ditu, "idaztarau eta bestelakoak zaindu barik, errealitatetik ahalik eta gertuen egoteko asmoz".

 

Bubok

Plataforma digital independientearen bidez argitaratutako liburua www.bubok.es webgunean eros daiteke. Bubok-ek webgunean edozeini nahi duen liburua argitaratzeko aukera ematen dio, luzeerari lotutako gutxieneko baldintza batzuk betez gero. Formatu digitalean zein paperean argitaratu daitezke liburuak, baina paperezkoan ale bakoitza saldu ahala, hori baino ez da argitaratzen.

 

 

@aimargoenaga