Garai erromatarreko anonimoa, agure baten erretratua

uriola.eus 2015ko uzt. 15a, 07:00

Argazkia: www.museobilbao.com

Augusto enperadorearen garaiaren hasieran, K.a. I. mendeko azken laurdenean, datatutako erretratu erromatarra paratu dute Bilboko Arte Ederren Museoan, Jerez de la Fronterako Udal Museo Arkeologikotik ekarria. 

Obra Gonbidatua programan aurkezten den pieza gizonezko baten erretratua da, proportzio naturalekoa eta Mesas de Asta aztarnategian aurkitutakoa. Hain zuzen ere, aztarnategi hori iturri hispano-erromatarrek aipatzen zuten Hasta Regia kolonia da, Jerez de la Frontera hiritik 11 kilometrora dagoena. Toki hori Behe Guadalquivirreko gunerik garrantzitsuenetakoa da, tartesostar arotik.

Ale ertaineko marmol zuriz eginda dago. 0,36 cm-ko gehienezko altuera dauka, eta, oro har, ondo kontserbatuta dago, nahiz eta haustura txiki batzuk sumatzen diren sudurrean, bai eta zenbait narriadura ere kokotsaren eskuinaldean eta bekokian.Bereizgarritasun gisa, ezkerreko belarria hustuta dago, eta eskuineko belarria eta gune okzipitala arbastatuta ditu. Horrek esan nahi du ondorengo faseren batean birlandu egin zutela eskultura hau. Lepoaren oinarriak gorputzean sartua izateko ohiko prestakuntza dauka.

XIX. mendearen amaieran aurkitu zen, Jerez-Trebujena errepidea eraikitzeko lanetan ari zirela. Hain zuzen ere, aipatutako antzinako hiriko nekropolietako bat izan zitekeen tokian aurkitu zenez, agian, hileta-estatua baten parte izan zen. Jabe pribatua izan zuen joan den mendeko 40ko hamarkadara arte; gero, Jerezko Udal Museo Arkeologikoan sartu zuten, eta hantxe dago ikusgai gaur egun.

Erretratu bikain hau, lanketa aldetik kalitate handikoa dena eta kontserbazio ona duena, Manuel Esteve Guerrerok eman zuen ezagutzera. Antonio García y Bellidok arte erromatarrari buruzko bere monografian jaso zuen, eta, ondoren, zenbait ikerlarik aztertu izan dute.

Lan honi buruzko azken ikerketetako bat Pilar León irakaslearena da; hain justu, Retratos romanos de la Bética lanean, Leónek dio eskultura hau inportatutako obra dela, Augustoren agintaldiaren hasierakoa, eta probintziako tailerretan gorde zela, sasoi hartan inauguratu berri zen estiloaren paradigma gisa hartzen zelako.

Urrunera begira dagoen gizon bat agertzen da bertan, ezpain finekin irribarre txiki bat marrazten duena. Denborak arrasto sakona utzi du bere aurpegian: begi ertzeko markak, zimurrak eta tolesdurak, belarrien aurrean eta lepoan. Haragi eroriak eta zain markatuak, hondoratutako lokietan. Oso ile labur eta bakana du, eta ilearen puntak baino ez daude markatuta. Era berean, gizonak soilgune handiak ditu bekoki gainean.

Errealismo errepublikanoaren tradizioari eusten dio, eredu zesariarren ildoan, idealismoari inolako tokirik utzi gabe. Ziurrenik, hiriko eliteetako pertsonaren bat izango zen, eta Hispaniako erretratugintza erromatarraren hasiera ilustratzen duen adibide gorenetakoa da.

 

Testua: Rosalía González Rodríguez 
Zuzendaria Udal Museo Arkeologikoa, Jerez de la Frontera

 

Albistea www.museobilbao.com-etik hartua