"Gutxi dakigu gertatu denaz: bidaiari batek BesteBi plataformako kideek. Aissa hilda aurkitu zuen bidaiari batek joan den ostiraletik larunbaterako gauean (uztailak 3-4), Abandoko geltokiko komunetan. "Dirudienez, ordu pare bat bazeraman bertan, inor konturatu eta bere falta sumatu gabe".
Bilboko aterpe batean lo egiten zuen Aissak, baina zenbaitetan (heriotzaren egunean kasu) ez zen bertan agertu; osasunez okerrera egin zuen azken aldian eta, beraz, aldian-aldian ospitalean sartu behar izan zuen. Ostiral goizetik (uztailak 3) ez zuen inork ikusi, hala, bere berririk ezean, igandean (uztailak 5) bere bila hasi ziren beste zerbitzu batzuetan edo ospitaleetan. Hala ere, 8a arte (hil eta bost egun beranduago arte) ez du aterpeak bere heriotzaren berririk izan, eta 10era arte (astebete beranduago), ez dute BesteBi platafornako kideek gertatutakoaren datu guztiak biltzerik lortu.
"Etxegabeko gehienek bizi-ibilbide konplexuak dauzkate, horietako askok denbora luzea daramate egunero zailtasunen kontra borrokan, eta, Aissaren kasuarekin ikus dezakegunez, ‘heriotzarako ibilbide’ konplexuak ere izaten dituzte sarritan". BesteBiren arabera, bizi duten bakardadeak eragiten ditu egoera horiek: "Horrelakoetan informazio eta komunikazioak askoz ere azkarragoa izan beharko luke, ia berehalakoa".
Ikusiz hasi
BesteBi plataforma osatzen duten erakundeek gizarte osoari dei egin nahi diete, komunikabideen bitartez, "etxerik gabe bizi diren pertsona horiek guztiak ikusteko gai izan gaitezen". Pertsona horiei gizarteratze prozesuan laguntzeko, "lehenik eta behin, pertsona horiek ikusteko gai izan behar dugu eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten alde lan egin; premia gehien dutenek behar dituzten baliabideak izateko eta pertsona eta erakunde guztiek batera lan egiteko, beste inor kalean hil ez dadin".
Argazkiak: Ecuador Etxea