Konpartsaren disoluzio eskaeraren aurrean

AskapeƱa konpartsa 2015ko uzt. 21a, 08:48

Entzutegi Nazionalak bost euskal internazionalisten aurka abian jarri berri duen prozesuaren aurrean, ozen salatu nahi dugu Estatu Espainolak bere diskurtso zapaltzailea zalantzan jartzen duen ahots oro ixilarazteko beste behin ere egin duen saiakera, oraingo honetan fiskaltzak eginiko Askapena erakunde internazionalistaren eta gure konpartsaren beraren disoluzio eskaerarekin.

Oraingoan, estatuaren botere faktikoek beste pauso bat eman dute eta, modu esperpentikoan, bere lana jai herrikoien defentsan eta sustapenean baino garatzen ez duen erakunde baten disoluzioa galdegiten du. ASKAPEÑA KONPARTSAren desegitea eskatzen duen autoak ez du inongo arrazoi edo zergatirik agertzen eskaera azaltzeko, beste hainbestetan ezagutu izan dugun eraikuntza judiziala baino ez; Egin, Egunkaria, AEK, Udalbiltza, Joxemi Zumalabe, eta abar kriminalizatu eta ehorzteko erabili izan duen eraikuntza judiziala baino ez, denborarekin izan dituzten absoluzio epaiek muntaia huts bezala agerrarazi duten berbera.

ASKAPEÑA KONPARTSAren konpartsakideoi egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da, Bilboko herritarrei, jaien bitartez, gure herriaren senide diren herrien errealitate eta borrokak ezagutaraziz. Konpartsa irekia gara, zabala eta gardena, gure lana jai eredu aske, alegera eta herrikoia garatzen egiten duguna, zeinetan bidezko aldarrikapen guztiek lekua izango duten, bai feminismoak, zein ekologismoak, autogestioak, edo elkartasunak eta, noski, internazionalismoak.

Eraso honetan guk ezin dezakegu ASKAPEÑA KONPARTSAREN aurkako agresioa soilik ikusi; Bilboko Kopartsen eta, oro har, Euskal Herri osoko jai eredu herrikoiaren kontrako erasoa da. Ez da jaiak bizitzeko gure eredu alternatibo honek jasan izan duen lehenengo erasoa, bai ordea larriena, bere garrantziagatik; ez da zigorraldi edo etenaldi bat: behin betiko desagerrarazi nahi gaituzte. Jaietan izan eta egoteko modu ezberdin horren flotazio-marrari erasoa da, eta, haren aurrean, konpartsa guztien erantzun irmo, argi eta ahobatekoak bakarrik dauka lekua.

Ez daukagu ezkutatzeko ezer. Internazionalistak gara. Jaia maite dugu, pozak, zorionak, elkartasunak eta borrokak haien lekua izango duten jaia. 24 urteko gure historian zehar, ASKAPEÑA KONPARTSAren ehundaka konpartsakideok modu publiko eta irekian egin dugu lan, xede bakarrarekin: Bilbon jai herrikoiak defendatu eta sustatzea, mundu hobe, justuago eta solidarioago baten aldarrikapenaren barnean.

Lan horretan aritu gara, ari gara, eta, kontrakoak kontrako, arituko gara. Baina geurea jaia denez, ASTE NAGUSIAN egun garrantzitsuena ABUZTUAK 27, osteguna, izango da. BAZKARI INTERNAZIONALISTA musikaz eta animazioz beteta ospatuko dugu. Gonbidatu nahi zaituztegu egun honetan gurekin egoteko.

JAI HERRIKOIAK LIBRE!
ASKAPEÑA AURRERA!

 

[2015-04-23] Askapeña konpartsa: "Egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da"

[2015-04-23] Askapeña, Bilboko Konpartsak, Gora Iruñea, Iruñeako Peñen Federazioa, Piratak eta Gasteizko Txosnen Prentsaurrekoa

[2015-04-20] Askapeña konpartsa babesteko dei bateratua egingo dute jai herrikoetako eragileek

[2015-04-01] #Askapenaurrera Ikasleek elkartasuna adierazi dute eraso berri honen aurrean

[2015-02-11] Bilboko EHEren iritzia Askapenaren kontrako zigor eskaerei buruz