eLiburutegia Bilbora heldu da

bertonaldizkaria 2015ko abu. 5a, 09:50

Uztailaren 24tik Bilboko Liburutegi Publikoen erabiltzaileek eLiburutegia izeneko Euskadiko liburutegi digitalera konektatu ahal izango dira. Horrela, Bilboko Liburutegi Publikoen erabiltzaileek dohainik jaitsi ahal izango dituzte eLiburutegiak eskaintzen dituen liburu guztiak.

Horretarako, beraiek erabiltzen duten liburutegi publikora joan eta eLiburutegirako erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu beharko dute, besterik ez. Behin gakoa eskuratuta, eLiburutegia plataformara sar daiteke irakurlea eta mailegatutako liburuak irakurtzen hasi.

Euskadiko Liburutegi Digitala 2014ko azaroaren 26an abiarazi zenetik zortzi hilabete igaro direla, 14.132 liburu digital mailegatu ditu guztira liburutegiak bere bazkideen artean. Datuek erakusten dute berebiziko harrera izan duela ekimenak irakurleen artean. Denbora-tarte horretan, 5.884 pertsonak jaitsi dute liburu bat gutxienez.

Gaur egun, 97 argitaletxeko 7.000 izenburutik gora eskaintzen ditu liburutegi digitalaren katalogoak (hau da, 28.000 lizentziatik gora, lau lizentzia izenburuko batez bestez): 6.400etik gora gazteleraz eta 500etik gora euskaraz.

Aipatzekoa da Euskadiko argitaletxeen %60k ez duela, gaur egun, bere katalogo osoa formatu digitalean eskaintzen (ePub). Eusko Jaurlaritzak ePub formatu digitalean eskura daitekeen argitaletxeen ekoizpen guztia hartu du, bai gazteleraz bai euskaraz. Gutxi gorabehera, 1.300 izenburu dira: 757 ebook gaztelaniaz eta 500 euskaraz.

Titulu berriak sartzen direnez, astez aste hazten da katalogo digitaleko eskaintza. Datozen hilotan katalogoa zabaltzea da eLiburutegiaren asmoa, 10.000 izenburu hartzeraino, eta 2016an 15.000 izenbururaino iristea.
Udari begira aurkeztutako berritasunen artean, aipatzekoa da aldibereko maileguen kopurua handitu izana. Izan ere, liburu digitalak mailegatzeko plataformak aldi berean hiru liburu mailegatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. 2014ko azaroaren amaiera aldera abiarazi zenetik orain arte, katalogoko bi liburu mailegatu zitzakeen irakurle bakoitzak aldi berean.

Bilboko Udala
www.euskadi.eus/eliburutegia