Delitu jardueretan %6ko beherakada eman da Bilbon lehen seihilekoan

uriola.eus 2015ko abu. 6a, 10:00

Bilbok delituen %6ko jaitsiera orokorra izan du 2015eko lehenengo seihilekoan pasa den urtearekin alderatuta, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuen arabera. 

Gauzak horrela, datuek Bilbo seguruagoa dela adierazten dute.

 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren bi helburu estrategiko nagusi biek (etxeetan eta biolentziaz zein larderiaz egindako lapurretak) murrizketa nabaria izan dute; bien arteko elkarlanari esker ezarritako planaren ondorioz. Prebentzio-orduak areagotu, patruilak eraginkortasun handiagoz zuzentzeko datuak zehatz aztertu eta jarduera-eremuak banatzea izan ziren delitu horien beherakada garrantzitsu hori lortu ahal izateko bideak.

Gauzak horrela, etxeetan egindako lapurretek aurreko urtean hasitako jaitsiera joerarekin jarraitzen dute eta jaitsiera handiena lortu dute lehenengo seihileko honetan, izan ere, %56,7 murriztu dira 2014rekin alderatuta. Bestetik, larderiaz eta indarkeriaz egindako lapurretak 2013tik jaisten jarraitu dute eta %9,7 murriztu dira 2014ko lehenengo seihilekoarekin alderatuta.

Gainera, ibilgailuetako lapurretak jaitsieren bigarren postuan daude jaitsiera-ehunekoari dagokionez: %15,4.

Azkenik ondarearen aurkako delituen atalean, ebasketak - edo "arduragabekeriaren" ondoriozko lapurretek 2014ko antzeko kopuruetan jarraitzen dute, %0,2 igo diren arren.

Gizarte-oihartzun handiagoa duten pertsonen kontrako delitu eta faltak %18,7ko murrizketa izan dute.

Delitu-motengatik, lesioak %13,7an murriztu dira eta etxeko zein genero-indarkeriari lotutako delituak %9,6ko beherakada izan dute. Hala ere, sexu-askatasunarekin lotutako salaketak beste urtearekin alderatuta, bere horretan mantedu dira, baina armekin egindako mehatxuak %5,9an handitu dira, 2014ko lehen seihilekoan baino hiru kasu gehiago erregistratu direlarik.

Azkenik, Autoritatearen kontrako delituak ere jaitsi dira, kasu honetan %17,4 segurtasun kolektiboaren aurkako delituei dagokienez, zenbatekoak asko jaitsi dira %31,6 hain zuzen ere Bide Segurtasunean eta %22,3 Osasun publikoan.

Helburu estrategiko bateratuak.Prebentzioa, hurbiltasuna eta lankidetza

Datozen urteetarako bultzatzen den polizia-ereduak gako-hitz bat du: prebentzioa. Segurtasun-pertzepzioa handitzeko, auzoetan oinezko polizia-patruilen lana indartzen jarraitzea; alor horretan herritarrek dituzten beharrizanei erantzutea; eta lan koordinatu eta jarraituan giza baliabideak nahiz baliabide tekniko eta materialak hobeto aprobetxatzea dira bi polizia-erakundeen helburu estrategiko nagusietako batzuk.

Behar denean eta behar den lekuan egotea eta, horretarako, eguneroko lanean lana banatzea, laguntza, ikerketa eta patruilako lanak koordinatzeko lankidetza indartzea ere badira polizia-estrategia horren atal garrantzitsuak. Izan ere, gaur egungo egoera sozial eta politikoan, poliziaren lana berrantolatzeko lanari heldu zaio. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ardatz estrategikoetako bat prebentzioaren aktibazioan laguntza eskaintzea da. Hori ikerketa kriminal adimentsu eta eraginkorrean oinarritzen da, eguneroko kudeaketan etengabeko hobekuntza eta besteekiko lankidetza barneratuz, premia berrietara egokitu ahal izateko.

Prebentzio eta autobabes neurri batzuk

Horri dagokionez, prebentzio-neurriek eta autobabesak poliziaren lana errazten dute, beraz, herritarrei lapurretak saihesteko jarraibide erraz batzuk izatea ezinbestekoa dela gogorarazi nahi diete, baita oporraldian ere. Hortaz, bidaiatu baino lehen etxea babesteko eta ustekabeak saihesteko neurriak hartzea oso garrantzitsua da.

Etxebizitza babestea

• Ez esan oporretan zoazela ezezagunen aurrean edo leku publikoetan, ez eta etxe barruan dituzun balio handiko objektuak aipatu ere.

• Ez utzi kanpoan zaudetela adierazten duen oharrik ez jakinarazpenik erantzungailu automatikoan.

• Oporretara joan baino lehen etxeko ateak eta leihoak indartu behar dira.

• Sarrerako atea ixteko, giltzari buelta batzuk eman beti, "txartelaren metodoarekin" zabaltzea saihesteko.

• Ez utzi giltzak lanpasaren azpian ezta ezkutatutako tokietan ere: seguruagoa da auzoko, lagun edo familiako bati kopiaren bat ematea. 

• Hurbileko norbaiti etxera joateko esan etxean zaudetela eman dezan: postontzitik gutunak ateratzea, pertsianak igotzea....

• Baliozko gauzak zeintzuk diren markatzea eta ahal bada segurtasun-kutxa batean jartzea, etxetik kanpo.

• Joan baino lehen ondo itxi ur, argi eta gasaren giltzak.

• Aldamioak dituzten etxeetan, leihoak eta pertsianak itxi, ez utzi baliozko gauzak begi bistan eta ahal izanez gero, segurtasun-neurriak dituzten aldamioak aukeratu.

Bidaietan lapurretak saihestea

• Dirua eta dokumentazio pertsonala bananduta gorde.

• Ez eraman diru-kopuru handirik soinean.

• Larrialdietarako dirua leku seguru batean gorde.

• Aireportu eta geltokietan eduki beti zure gauzak begi bistan eta fakturatzen ari zarenean kontuz ibili zure inguruan dauden pertsonekin. Ez onartu zureak ez diren pakete, opari edo objektu pertsonalak eramatea ezta beste baten ekipajea eramatea.

• Bidean, geldialdiak saihestu jende gutxi dagoen tokietan Kontuz ibili beste gidariek ibilgailua gelditzeko esaten badizute eta prebentzioz jokatu.

Kalean lapurretak saihesteko

• Kontuz hurbiltzen zaizkigun pertsona arraroekin, batez ere gure arreta lortzen saiatzen direnekin sinatzea lortzeko edo zer edo zer saltzeko.

• Helbide edo azalpenen bat ematen baduzu, ez inoiz bizkarra eman ez berari ez bere laguntzaileari, egonez gero.

• Ez eraman inoiz erlojua edo bitxiak begi bistan, batez ere, balio handikoak badira.

• Kaletik ibiltzean, poltsa ondo itxita eta ondo helduta eraman, batez ere jende asko dagoen lekuetan, indarrez tiratzea saihesteko.

• Aglomerazioetan ez fidatu gure ondoan jartzen diren pertsonez, jarrera  susmagarriren bat nabaritzekotan edo disimulatzeko arropa zein egunkariren bat tolestuta badaramate ("muleta").

• Lapur batek beldurtzen bazaitu, saiatu oihukatzen eta laguntza eskatzen, betiere gure bizitza arriskuan ez dagoenean.

• Dirua poltsaren barruko konpartimentuetan gorde, eta ez utzi ez dirurik ez telefono mugikorrik bistan.