Guzti honek 2010eko udazkenean Askapenaren kontrako polizia operazioan du jatorria eta urriaren 19an Madrilen hastekoa den epaiketan izango du jarraipena. Tartean, Bilboko jaietan, Askapeña konpartsak inoizko Aste Nagusi internazionalistena prestatu du.
Zelan hartu duzue Askapeñako konpartsakideek konpartsaren aurkako desegite eskakizuna?
Denok harrapatu gintuen ezustean. Ezusteko handiena abokatuena izan zen. Ez zuten espero ez gu ez Askapena ez Elkar Truke ez Herriak Aske auzi berean sartzerik. 2010eko atxilotuen inputazioan sartu gaituzte Fiskaltzak asmatutako auto baten baitan. Denborarekin asimilatu dugu. Aurre egin diezaiokegula ohartu gara eta animotsu gaude, topera. Ekimen asko jarri ditugu martxan, eta jendearen babes handia jaso dugu.
Fiskaltzaren desegite eskaria "esperpentikotzat" jo duzue. Zergatik?
Ez duelako eskakizuna arrazoitzen, izan ere, ez dago arrazoirik. Beste zerbaitekin lotu nahi du konpartsa, baina ez dago loturarik. Askapeña marka inputatzen du, ez pertsona fisikorik. Ez dago kausarik, eta inputazioak ez du oinarririk.
Ez zigorraldia ez jardueraren etenaldia, Askapeña konpartsaren desagerpena eskatzen du Fiskaltzak.
Bai gurea bai arestian aipatutako taldeena. Norbaitek, agian, pentsatuko du Azkunaren jauntxokeriaren parekoa dela hau, baina ez du zerikusirik. Ordukoa, bai, Azkunaren jauntxokeria izan zen, baina hau ez da udal mailara mugatzen, Auzitegi Nazional mailakoa da, eta desagertzeko eskatzen zaigu. Autoko 110 orrialdeak oso argigarriak dira, ez da ezer ageri, tontakeriak baino ez. Esaterako, pertsona bati delitua inputatzen diote bere etxean kamiseta bat eta kartel bat dituelako. Ez dago baleko frogarik, haiek sortutako uste eta susmoak besterik ez.
Estatuaren kriminalizazio eraikuntzan kokatu duzue zuen kasua.
Zoritxarrez, Euskal Herriko mugimendu libreen aurka Estatu espainiarrak osatu duen zerrenda luzea da: Egin, Egunkaria, AEK, Udalbiltza, Joxemi Zumalabe... gurea zerrenda horretan sartu nahi izan duten beste izen bat da. Azkena izatea espero dugu. Neurriz kanpokoa da gertatzen ari dena. Egunen batean konturatuko dira zein zentzugabea den egiten dutena eta sortzen duten alperrikako gastua, guri sortzen digun gastua bost axola zaie, baina Estatuari sekulako gastua sortzen zaio, nahiz hori ez duten aipatzen. Auzia galtzean, kalteordainak ordaindu beharko dituzte, eta horretaz komunikabideek ez dute ezer esango.
"Gure delitu bakarra konpartsakide izatea da" esan duzue zuen defentsan.
Edo bestela esanda, jai eragileak eta internazionalistak izatea. Jaia maite dugu eta jaia partekatzea gustuko dugu era guztietako mugimenduekin, ez diogu inori aterik ixten. Jaia eta dibertsioa da gurea. Eta jaia eta dibertsioa egiteaz akusatzen gaituzte, ez dago besterik.
Zergatik diozue Askapeñaren aurkako akusazioa jai eredu herrikoiaren aurkakoa dela?
Jai herrikoien mugimendua kolpatu nahi dute. Eraso honetan guk ezin dezakegu Askapeña konpartsaren aurkako agresioa soilik ikusi; Bilboko Kopartsen eta, oro har, Euskal Herri osoko jai eredu herrikoiaren kontrako erasoa da. Jai herrikoiak ezin dira ilegalizatu Auzitegi Nazionaleko jaun eta andereak, eta hori hemen, mundu errealean erabat zabaldutako sentsazioa da jendartean.
24 urteko ibilbidea du Askapeña konpartsak. Zelakoa da zuen konpartsa?
1991. urten jaio zen. Aurtengoa 24. Aste Nagusia izango da guretzat. Dinamika bera izan dugu sorreratik. Kaleko lana egin dugu hiritarrei begira, jaia nahi izan duen guztiari zuzendua, gardena izan da gure jarduna, ez dugu inoiz gatazkarik izan, ez digu inork arreta deitu. Bertako jendea eta ozeanoaren beste aldeko jendea gara konpartsa osatzen dugunak, denok gara internazionalistak, eta hori ez da txarra. Bolivia, Kolonbia, Nikaraguako jendea dago Askapeñan, mundu guztiari irekita dago gure konpartsa.
Zein ekintza burutu duzue orain arte? Zer duzue egiteke?
Kalean salatu dugu gure kasua, batik bat. Bilboko Konpartsekin prentsaurreko handi bat eman genuen konpartsen babesa agertzeko. Sanferminetan egon gara Askapenaren aldeko egunean eta peñek gurekin bat egin dute, euren pankartetan presente izan gaituzte. Abuztuaren 9an Gasteizeko Askapenarekin parte hartuko dugu jaietan eta abuztuaren 14an Donostiako Piratak kolektiboarekin egongo gara egun internazionalista ospatzen eurek utzitako espazioan. Hurrengo pausoa Bilboko Aste Nagusian emango dugu.
Zer prestatu duzue abuztuaren 27rako?
Egun oso garrantzitsua izango da, nazio mailako bazkaria antolatu dugu Bilbon, Aste Nagusiaren baitan. Horrezaz gain, elkarretaratzea egingo dugu, kalejira, berbena, ikurrinaren omenaldian parte hartuko dugu, eta azkenik Zazpikaletan ibiliko gara gure banderekin, beti egin dugun bezala. Baina aurtengoa handiagoa izango da. Osteguna Aste Nagusiko egun handiena izatea nahi dugu. Bilboko Konpartsen babes osoa dugu, eta guk nazio mailako zabalpena eman nahi diogu egunari. Nahi duen oro gonbidatuta dago.
Kamiseta bereziak aterako dituzue eta beste zerbait ere egingo duzue, ezta?
Konpartsakideek gurekin bat egin dezaten atera ditugu Askapeñaren aldeko kamiseta berde batzuk. Bai, gauero ahaleginduko gara suen ostean hiru minutuko ekimena egiten txosna guztietan. Konpartsakideak kamiseta berdearekin barra gainera igoko dira pankartak eskutan audio grabazio bat entzuten den bitartean. Horrela jaietara datozenak eta gure jarduerarekin zuzenean zerikusia ez dutenak zerbait gertatzen ari dela ohartuko dira. Mundu guztiarengana iritsi nahi dugu. 30 konpartsa ordu berean hiru minutuz geldituz gero, jai gunean dagoenak ‘zer da hau’ pentsatuko du. Gainera, konpartsek euren txosnetan Askapeñaren logotipoa irudikatuko dute.
Bilboko jendeaz gaindi iritsi nahi duzue.
Orain Bilbon tokatu da, baina bihar Barakaldoko jai batzordeko elkarteren bati toka dakioke. Gure izenaren aurka egin dute, baina jai eredu herrikoia da erasotzen ari direna. Izena aldagarria da. Gugandik hasi dira eta utziz gero, beste piloaren aurka egingo dute. Baina horrelakorik egiten ez diegu utziko.
Urriaren 19an hasiko da epaiketa Audientzia Nazionalean.
Data ondo datorkigu, udaren ostean delako. Gurea jai jarduera izanik, uda garaian mugitzen gara gehien.
Baikor eta ezkor izanik, zer gerta daiteke?
Egoera txarrenean desegitea aginduko dute, baina horrela ez dute ezer lortuko, berpiztu egingo garelako. Onenean, bakean utzita, gure jai ereduarekin lanean jarraituko dugu. Utz gaitzatela euskal herritarrak lasai bizitzen.
Hitz egin duzue Bilboko Udalarekin?
Ez, politikariekin ez dugu harremanik izan, gurea ez baita politika, gurea jaia da.
Jaiak ilegalizatzerik badago?
Maila horretara ez iristea espero dugu, ahalegindu egin diren arren.
Presioa sentitzen duzue?
Geroz eta presio gehiago egiten digute, Udaletik esaterako, geroz aldaketa gehiago egiteko, muntaketan, segurtasun kontuetan... Denok ari gara ahalginean bai Udala bai konpartsak guzti honek ondo funtziona dezan eta jendeak jaietan ondo pasa dezan.
Udalaren jarrera aldaketa igarri duzue?
Bai, eta garai ona biziko dugula ematen du Udalaren aldaketarekin. Itxuraz aldeen arteko ulermena bada, koordinazioa, besteak beste, inauteri bateratuak izan ditugu aurten. Jai Batzorde Mistoaren konfidantza dugu, eta lanean utziko digutela uste dugu, oraingoz. Ikusiko dugu noraino iristen den.
2016an Askapeñak txosna izango du Arriagaren ondoan?
Askapeña moduan ez bada Azkapeña izenarekin edo Pepe Gotera y Otilo izenarekin ipiniko dugu txosna. Ez digute izkin egingo. Gure jarduera ez da inoiz etengo, gainera, lagun askoren babesa dugu. Gure konpartsan denok bat gatoz, eta Bilboko Konpartsak dugu atzean. Berde koloreko txosna ez badugu muntatzen laranja kolorekoa muntatuko dugu. Izena, agian, desagertuko da, baina sentimendua eta edukia ez, jaia ez dago desagertzerik.
*Humberto Bilbaoren argazkiak