Galdutako hizkuntzaren hautua ez du gaztelera izate soilagatik gauzatu. "Hizkuntza hegemonikoa izatearren erabaki dut gaztelera alde batera uztea", azaldu du Egiak. Bi hizkuntza horien arteko harremanaren ildotik dator performance-aren izena ere, Bi-lingual hitz-joko modura ulertuz, bi hizkuntzei erreferentzia egiteaz gain, kokaleku izan duen hiriari (Bilbori) zein harturiko jarrera baikorrari (bi-lingual ingelesez ahoskatzean ‘bai’ hitza barnean dauka) oihartzun egin nahi izan diot”, adierazi du idazleak.
Lutxo Egiak aitortu duenez, esperientzia positiboa izan du hau. Izan ere, hasiera batean gogorra egingo zitzaiola eta seguru asko amore emango zuela esan zioten. Baina behin performance-an murgilduta, uste zuena baino errazagoa egin zaiola baieztatu du: "Komunikazioa zailtzearekin batera, momentu batzuetan bizi kalitatea murriztu zait. Baina puntu batetik aurrera, ez nekien performance-agatik edo gustura nengoelako jarraitzen nuen". Horrekin batera, aurkikuntza berririk egingo ez zuela ere ohartarazi zioten; baina Egiaren helburua ez da aurkikuntzak egitea izan: "Esperimentazioa izan da prozesuaren xedea. Jada ezagutzen zen errealitate baten inguruko esperimentazioa". Benetan baliagarria den lagina erabili izana baieztatzen ez duen arren, inor zirikatu gabe (baina umorez beti) euskal subjektuaren inguruan gogoeta egiteko aukera izan duela gaineratu du.
Performance-ak iraun bitartean gogoeta horiek blog estiloko sarreretan bildu ditu Egiak. Horietan genero ikerketen zein hizkuntzaren arteko loturak gauzatu ditu maiz. "Idurre Eskisabel, Lore Agirre edo Mari Luz Estebanen eskutik heldu zaizkigu aurten lotura horiek", aipatu du idazleak. Generoa eraikitze soziala bada, eta hortaz aldatu daitekeela onartuz gero, Egiaren aburuz, "hizkuntzarekin ere (maila teoriko batean noski) egin daiteke", eta hori izan da berak egin duena: Transfeminismo hitzari loturik Transeuskaldun kontzeptua partekatu du bere performance-an. Horren harira, eta latinez trans terminoak ‘zeharkatze’ esan nahi duela gogoan izanda, besteen azalean jartzen den euskaldunaren figura biltzen duen hitza da Transeuskaldun. "Hausnarketa hutsa dela ahaztu gabe, espainoldunaren azalean kokatzen den euskaldunaren rola nireganatu dut hilabete honetan". Azken finean, Bilbon espainoldunak 24 ordukoak izaten direla, eta euskaldunon kasua bestelakoa izaten dela ere sakondu du Egiak: "Erdaldun batekin topo egitean, lehenengoko hitza euskaraz eman arren, bigarrenean hizkuntzaz aldatu ohi dugu. Baina euskaraz ez dakien erdaldunak, ez du horrelakorik egiten, noski". Erdaldunei aurrean ispilua jarri diela ere aipatu du Lutxo Egiak.
"Esan dezakegu benetako euskaldunak garela 24 orduz ere ez bagara euskaraz aritzen", galdetzen du Egiak tonu zirikatzaile zein umoretsuan. Esperientzia honen emaitzaren arabera, "euskalduna hizkuntza dakiena baino erabiltzen duena da". Gabriel Arestiri Gorbeian zein Bilbon hizkuntzaren iraultza gauzatzea gustatuko litzaiokeela gogoratu du Lutxok, baina hark ere bazekiela errealista izanez, gauzak neurrian egin beharra zegoela. Arestik bezala hortaz, Egiak ere ez du Bilboren euskalduntze osoa aldarrikatzen (erabilerari dagokionez), baina ezagutzari berebiziko garrantzia ematen dio: "Hiritar ororen euskara ezagutza gauzatzen denean soilik izango du euskaldunak (euskaraz bizi denak) benetako hautua egiteko aukera (inolako estres linguistikorik gabe behintzat)".
Egungo egoerari erreparatuz aukera horren gabezia antzeman. Bilbora hiritik kanpo etorri zirenek seme-alabak euskalduntzeko egindako esfortzua "sekulakoa izan zen", Egiaren esanetan. Baina, "ezin daiteke esan toleranteak garekin (euskaldunok ezta). Izan ere, maiz hegemonikoa onartzen dugu, ia ohartu ere egin gabe bake faltsu bat ezarriz. Baina bake horrek erdalduna (edo edozein subjektu hegemoniko) erasotua sentitzen den arte irauten du bakarrik". Dena den, obserbazio horiek ez ditu salaketa modura gauzatzen Egiak, eta horren harira hilabetean izandako esperientzia positiboak ere aipatu ditu: "Guk ere ukatzen diogu euskara jendeari, esaterako performance-a hasi arte Iturribide kalean pizzeria duen Naoufali beti mintzo nintzaion espainolez. Orain soilik jakin dut euskara entzutea maite duela eta gehiago ikasi nahiko lukeela".
Euskaldunon figuraren inguruan susmatzen zuen beste zerbait esperimentatzeko aukera ere eskaini dio Bi-lingual bizipenak. Gazte talde bati Mitxel Labegerie kalea euskara bakarrik erabiliz bilatzeko esan zionean ondorio argia atera zuen idazleak: "Euskaraz aritzeko erraztasun handiagoa daukagu taldearen babesean, eta horren inguruan bi irakurketa egin daitezke. Alde batetik, taldean errazago apur daitekeela aipaturiko hegemoniarekin. Bestetik, bakarka aritzean eta bi pertsonen arteko elkarrizketa denean zailtzen dela euskararen erabilera mantentzea". Binakako horietan esperientzia ezatseginen bat ere izan duela aitortu du Lutxok; eta espainolari euskaraz erantzutean turistatzat hartu eta ingelesez aritu zaionik ere egon da (Gorbeako zerbitzaria adibide). Baina horiek bazterreko kasuak izanik, performance-ak harrera ona izan duela nabarmendu du.
Esperimentuak izan dezakeen eraginaren inguran, "ni ez naiz inor jendeari zer egin behar duen esaten ibiltzeko, eta ez naiz hori egiteko asmoz aritu" elkarbanatu du Egiak. Hedabideetan izan duen presentzia ere euskarazkoetan soilik gauzatu dela ikusita zalantzagarria egiten zaio erdaldun ugarik honen berri jasotzea. "Euskaldunen artean ordea, euskaldun subjektuaren inguruko hausnarketa bultza daiteke agian. Baina zintzoa izanik, horrek ere ez du oihartzun gehiegirik izango uda ostean". Bere buruari dagokionez ordea, etorkizunean izango duen jarrera performance-ekora hurbilduko dela baieztatu du idazleak: "Egia da hurbileko pertsona batzuekin lehengora bueltatuko naizela (amarekin adibidez); baina orokorrean euskaraz modu osoagoan gustura bizi naitekeela ikusi dut".
Finean, Bilbon euskara dakitenen kopurua %20ra igo bada ere, erabiltzaileen kopurua %3a mantendu da azken urteetan, eta idazleak adierazi duenez, kopuru horrek gora egin dezan, erdara erabiltzaileenak bera egin beharra dauka. Ez dago besterik.