Bilboko udalak, herritarrek su artifizialetan duten interesa kontuan hartuz, eta aurten Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren XXV. edizioa ospatzen dela jakinda, argi, kolore eta zarata biltzen dituen ikuskizun honen inguruko erakusketa didaktiko bat antolatu du. Su artifizialen sekretuak ezagutzera ematea da erakusketa honen helburua, gizarteak pirotekniaren funtzionamenduari, bitxikeria teknikoei buruz gehiago jakin eta horren bestez baloratzen eta gozatzen jakin dezatenerako.
Erakusketa gaur, abuztuak 17 hasi eta hilaren 30era, domeka, bitartean izango da zabalik, Zabalgune eraikinean, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara arte, eta sarrera doakoa izango da. Bertan artifizioak sortzeko teknika desberdinak ikusteko aukera izango da, baita jaurtiketaren moduak eta koloreak lortzeko teknikak ezagutzeko aukera ere. Tankera honetako ikuskizun pirotekniko hauetan oso adituak diren ikusle bilbotarrek, erakusketa honekin aste osoan zehar Aste Nagusiko gaua argituko duten su hauen inguruan iritzia emateko erreminta gehiago izango dituzte.
Erakusketak atal desberdinak ditu: alde batetik, etxafuegoen jaurtiketa simulatua egingo den gune bat izango du. Aste Nagusian su artifizialak nondik jaurtitzen diren lekua jende askok ezin duenez ikusi, gune fiktizio bat sortu da etxafuegoak nola ipintzen diren erakusteko eta jaurtiketaren prozesua ikusteko.
Honez gain, suen itxura, euren izenak eta koloreak lortzeko egin beharreko prozesua azaltzen den gune bat egongo da. Horretarako hainbat artifizio erakutsiko dira barrutik bolbora nola sartzen den azaltzeko eta koloreen kokapena erakusteko, baita itxura desberdinak lortzeko sekretuak ere. Grafiko batzuk ere egongo dira eta bertan suak nola egiten diren azalpenak, mortero eta metxen simulazioak eta abar ikusi ahal izango dira.
Erakusketak Bilboko Aste Nagusian gertatutako hainbat bitxikerien historioak ere azalduko ditu.
Bilbo Hiria Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren XXV. edizioa
Urtero legez, su artifizialen ikuskizunak egunero ikusi ahal izango dira, Bilboko zerua argitzen. Duda Gabe eta hamaikagarrenez, Bilboko Aste Nagusiko ekitaldirik garratzitsuenetako bat izango da. Suak gaueko 22:45tan hasiko dira, Aste Nagusiko beste ekitaldi batzuen bukaera-ordutegietara egokitzeko
Suziriak
Jendetza handia biltzen duen ekitaldia dira su artifizialak, eta horregatik Udalaren sail eta zerbitzuek aurre egin beharreko erronka nagusietarikoa dira, batez ere, zirkulazioari eta segurtasunari dagokionez. Horrela, suziriak muntatzen diren bitartean eta hauek jaurti baino lehentxoago, haizearen abiadura eta norabidea neurtuko dira segurtasun-perimetrotik kanpo hondakin arriskutsuak erortzea ekiditeko; horrek ikuskizunen bat bertan behera uztea ere eragin lezake, arriskua hautemanez gero.
Ikuskizun piroteknikoaz gozatzeko ikuspegi onena duen eremua Bailen kaletik Salbe zubiko ingurura doan ezkerraldea da. Horrez gain, ikuspen onargarria duten beste toki batzuk daude, besteak beste, Arriaga plaza, Areatzako zenbait leku, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua eta Etxebarria parkea. Hala ere, azken eremu horietan altuera baxuko eta lurreko suak deritzotenak ikusteko nolabaiteko zailtasuna dagoela kontuan izan behar da. Ume txikiekin edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonekin joanez gero, kontu handiagoz ibili behar da Udalaren zubian, Zubizuri pasabidean eta Areatzako zubian, Erripa eta Areatzako kaiaren artean, bertan ikusle asko biltzen direlako.
Bilboko Udaleko Babes Zibilaren eta Suhiltzaileen Zuzendaritzak egindako Segurtasun eta Larrialdietarako planean agertzen da 140 metroko erradioko segurtasun-eremua ezarriko dela Mallonako zelaietatik —suak botako dituen lekua— Itxaropen (Esperantza) kaleraino.
Hori dela-eta, suak jaurtitzen diren bitartean (22:30 eta 23:30 artean) ibilgailuek nahiz oinezkoek ezingo dute pasa Itxaropen kaleko tarte horretatik; hau da, Zingira kalearen eta Estufa zeharkalearen artean. Tarte horretan etxebizitzetako leihoak eta balkoiak ixtea gomendatzen da ikuskizun piroteknikoa bukatu arte.
Halaber, Gas plazaren eta Etxebarria parkearen arteko oinezkoen tartea itxi egingo da 22:15etik 23:45era.
Aholkuak
Su ikuskizunak iraun bitarteko segurtasuna bermatzen aldera Bilboko Udalak zenbait aholku eskaintzen ditu, batik bat suziriak erretzen direnean, arreta eta segurtasunneurri guztiak betetzea. Beste gomendio batzuk honako hauek dura: Itxita dagoen segurtasun-eremuan ez sartzea; lurretik lehergairik ez hartzea eta, bakarren bat aurkituz gero, berehala horren berri ematea Udaltzaingoari. Suen ondoren, gaueko kontzertuetara lasai joatea, denbora nahikoa egoten da eta. Suak ikusteko leku aproposa dira Uribitarte pasealekua eta Udaletxeko zubiaren ingurunea.