Sexu erasoen aurkako jarreretan oinarritutako kanpaina abiatuko dute Aste Nagusian

uriola.eus 2015ko abu. 21a, 11:55

Besteak beste, “Egin keinu berdintasunari” lelopean photocall ibiltaria egongo da jaigunean; 800 saltokik eta lokalek, Bilboko Konpartsekin batera, bat egingo dute sexu eraso kasuetan bete beharreko jarduera-protokoloarekin; eta Bilbobus zein Euskotrenek kanpainaren irudia jarriko dute autobus eta tranbietan. 

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Elkarbizitza eta Jaietako Sailak, Bilboko Konpartsekin eta Zazpi Kaleetako, Bilboko Erdialdeko, Bilbo Zaharreko-San Frantzisko- Zabala, Txurdinaga, Santutxu eta Otxarkoagako merkataritzako eta ostalaritzako elkarteekin batera eta Bilbobus eta Euskotrenen laguntzarekin ere, errespetuzko jokabideen aldeko eta sexu-erasoen aurkako jarreretan oinarritutako kanpaina bultzatuko dute, berdintasuna xede duten jaiak lortze aldera.

Kanpaina honek gogora ekarri nahi du emakumeen aurkako indarkeria urteko 365 egunetan salatu behar dela, eta egun horietako bakoitzean herritarrek konpromiso aktiboa eta inplikazioa eduki behar dutela gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko harremanen alde.

“Tematzea jazartzea da. Jazartzea erasotzea da” lelopean, errespetuan oinarritutako harremanen aldeko deia egin gura dugu kanpaina honekin; izan ere BAI esatea BAI da, baina EZ esatea EZ da, eta hori errespetatzen ez duten ekintza guztiak erasotzat jo behar dira.

Zenbait ekintza biltzen ditu kanpainak:

Bilbobus eta Tranbiaren keinua berdintasunaren alde

Aste Nagusian, Bilbobuseko autobus batzuek eta Gautxoriak eta Euskotreneko tranbiek kanpainaren irudia eramango dute bagoietan. Era berean, Bilboko tranbiaren txartelak saltzeko makinetan eta informazio pantailetan ikonografia agertuko da.

Photocall ibiltaria

Abuztuaren 22tik 29ra bitartean eta aurreko urtean izandako arrakasta kontuan izanik, photocall ibiltari bat izango da zenbait jaigunetan, aurten Bilboko Konpartsen laguntzarekin. Herritarrak berdintasunean oinarritutako eta sexu-erasorik gabeko jaien alde agertzea du helburu.

“Egin keinu berdintasunari” leloarekin bat egin nahi duten gizon, emakume, gazte eta haurrei argazki bat egingo zaie eta udaleko webgunean GEU BIOK publikatuko dira egunero. Ekimen honekin berdintasunean oinarritutako eta sexu-erasorik gabeko jaien aldeko mezu bat bidali nahi da. Panelak egun eta ordu hauetan egongo dira:

- Abuztuak 22: Areatza 18:00-20:00

- Abuztuak 23: Plaza Barria: 17:30-19:30

- Abuztuak 24: Arriagako Plaza: 18:30-20:30

- Abuztuak 25: Casilda Andrearen Parkea: 12:00-14:00

- Abuztuak 26: Gas Plaza: 18:00-20:00

- Abuztuak 27: Etxebarria Parkea: 18:00-20:00

- Abuztuak 28: Europa Parkea: 18:00-20:00

- Abuztuak 29: Arriaga Plaza: 18:30-20:30

Aste Nagusian jarduteko protokoloa

Ekimen berri hauek aurreko edizioetan lortutako beste akordio batzuei gehitzen zaizkie, hala nola, Aste Nagusian sexu-erasorik gertatuz gero, aholkularitza eta jarduteko protokoloa abian jarri izanari. Protokolo hori parte hartzen duten gizarte-eragile guztiei banatuko zaie. Izan ere, ematen diren urrats guztiak ere gutxi dira emakumeen aurkako erasoak eta indarkeria sexista deuseztatuko badira. Aste Nagusiko jaigunean dauden 880 saltokik eta ostalaritzako lokalek, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoak barne, bat egingo dute kanpainarekin eta emakumeen aurkako indarkeri kasuetan jarduteko protokoloarekin.

Horretarako, Bilboko Udalak, Bilboko Konpartsak, Zazpi Kaleetako, Bilboko Erdialdeko, Bilbo Zaharreko-San Frantzisko- Zabala, Txurdinaga, Santutxu eta Otxarkoagako merkatariek eta ostalariek 700.000 ezpainzapi jarriko dituzte herritarren esku, lema honekin: “Ez beti da ez. Tematzea jazartzea da. Jazartzea erasotzea da”, baita kanpainaren irudi berria ere, baliagarria izango baita ostalaritzako lokalen inplikazioa ikusarazteko.

Honez gain, 14.000 txartel banatuko dira Udaltzaingoaren (092 edo 112), Udalaren Gizarte Larrialdietako Zerbitzuaren eta Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren zenbakiekin edozein motatako eraso salatzeko.