Indarkeria sexista

Bilboko Konpartsek elkarretaratzea deitu dute igandean gertatutako eraso sexista salatzeko

uriola.eus 2015ko abu. 25a, 16:19

Igande goizaldean, Aste Nagusiko laugarren gunean, emakume bat bortizki jipoitua izan zen. Inguruan zeuden pertsonen artean gizonari aurre egin zioten eta ondoren, Udaltzaingoaren esku-hartzearekin atxilotzea lortu zuten. 

Bilboko Konpartsak, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, konpartsa guztiek "jai gune seguru eta erasoz askea" bilatzen dute eta beraz, "edozein motako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia edo arrazakeria jokaerak" onartuko ez dituztela mahaigaineratu dute.

Era berean, gehitu dute, igandekoaz gain, Aste Nagusian gertatutako hainbat egoera salagarriren berri izan dutela; jazarpen eta irainak batetik, eta eraso saiakera bat bestetik. Egoera hauen aurrean, indarkeria sexistaren aurka lanean dabiltzan konpartsakide eta pertsonen jarrera nabarmendu dute; erasoak ekiditeko "erantzun aktiboa ematea eta esku-hartzea ezinbestekoak" direla azpimarratuz.

Beraz, gaur, abuztuak 25, 18:00etan, Arriagan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ondoren, 24:00etan, musika eten eta txosnetan zehar kazerolada egingo da.