Maria Jose Perez eta Francisco Roldanen kontzertua 'Una Ria Con Duende' topaketa flamenkoan

uriola.eus 2015ko ira. 18a, 10:00

Kontzertu didaktiko hau bihar izango da, irailak 19, 20:00etan, Bidebarrieta Liburutegian eta bertaratzen direnek sarrera librea izango dute leku guztiak bete. Oholtza gainean Maria Jose Perez ikusteko aukera egongo da, aurreko hilabetean 'Lampara minera de la uniom' saria irabazi zuena, Meategietako Kantuen Nazioarteko Jaialdiko (Murtzia) sari gorena. 

Ibaiondoko barrutia aire eta erritmo flamenkoz bete da hamargarren urtez jarraian. Irailaren 5ean Udalek antolatutako 'Una Ria con Duende' topaketa flamenkoak hasi ziren eta bihar, irailak 19, hitzordu berri bat eskainiko dute, Maria Jose Perez eta Francisco Roldanen kontzertua.

Topaketak irailean zehar egiten ari dira Ibaiondoko hainbat eszenatokitan eta, ohikoa denez, dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerrekin batera, artista azpimarragarrien emanaldiak izan ditugu eta izango ditugu; amaiera ekitaldian eszenatokira igoko diren Manuel Dominguez Castulo eta Joaquin de Sola kantaoreak, adibidez. Azken ekitaldi hori irailaren 26an izango da, 20:00etan, Bilborocken, lehenengoaren ibilbide artistiko luzea eta 25 urte baino ez dituen Joaquin Solak flamenkoan duen eragina uztartuko dituen 'Solera/Nuevos Aires' ikuskizun bikoitza eskainiz. Ikuskizun bikoitz hori izango da programazioaren barruan ordaindu beharko den bakarra (15€), tailerrez gain.

Irailaren 5ean, Jose Toralen eta Zugaza Cuartetoaren proposamena egon zen ikusgai Areatzako aterpeetan. Ondoren, irailaren 12an, topaketek lekua utzi zioten bertako flamenkoari Bilboko Elizbarruti Museoan. Bertan, Eduardo Florido Project, flamenkoaren alorrean musika jakin-min sendoak dituen Galdakaoko kantaore hasi berria, izan zen protagonista.

Programazio eszenikoak bihar, irailak 19, jarraituko du aurrera, Bidebarrieta Kulturgunean emango den errezitaldi didaktikoarekin, hori ere sarrera librearekin, Maria Jose Perez kantaorearen eta Francisco Roldan Roldan gitarra jolearen eskutik. Artista bi horiek dira ere, edizio honetan kante eta gitarra tailerrak zuzentzen dituztenak, hurrenez hurren. Maria Jose Perezek (Almeria 1985) Lampara Minera izeneko saria lortu zuen abuztuan, Cante de las Minas de La Union (Murtzia) Nazioarteko Jaialdi ospetsuak ematen duen sari nagusia. Logopedian diplomatuta dagoen kantaoreak hiru disko grabatu ditu jada, eta sari asko lortu ditu jaialdi flamenkoetan.

'Una ria con duende' ekimenaren 2015eko edizioak Bilborock aretoan emango dio amaiera bere arte programazioari, larunbatean, irailaren 26an, arratsaldeko 20:00etan, Manuel Dominguez Castulo sevillarraren eskarmentua eta Joaquin de Sola gaztearen artea uztartzen dituen 'Solera/Nuevos Aires' saio bikoitzarekin. Manuel Castulok ibilbide luzea du kantaore gisa eta, beste sari batzuen artean, Arte Flamenko Sari Nazionala lortu zuen 2013an, kante espezialitatean. 45 urteko kantaorearen inspirazioaren eta errepertorioaren iturri nagusia kante jondoaren urrezko garaia da. Manuel Herrera musikariak lagunduko dio gitarrarekin.

Kontzertuaren bigarren parteak, flamenkoaren munduan benetako aurkikuntza izan den Joaquin de Solaren artea ezagutzeko aukera emango die Bilboko ikus-entzuleei. Antzinako kantaore handiak gogorarazten dituen kante garbia eta rajaoa du. 25 urte baino ez dituen arren, palo sakonak menderatzen ditu eta alegrietatik, tangoetatik eta fandangoetatik arrankatzen du. Abesteko orduan duen irribarreak paregabe bilakatzen du. Victor Rosaren eta Adriano Lozanoren gitarrek eta Epi Pachecoren txaloek lagunduko dute. 'Una Ria con duende' ekimenaren hamargarren edizioari amaiera emango dion kontzertu bikoitz horrek 15 euroko prezioa izango du. Sarrerak salgai daude jada Bilborockeko txarteldegietan, Power Recordsen eta Kultura Barrutik webgunearen bitartez.

Halaber, programak iraun bitartean, San Frantziskoko Udaltegiak arte horrekin erlazionatutako zenbait materialez osatutako bilduma jasoko du eta, horrez gain, liburuak eta musika CD-ak maileguan emango dira.

Prestakuntza tailerrak

Programa didaktikoa, irailaren 8an abiatu zen, dantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerretarako hastapeneko jardunaldiekin (doakoak). Nolabaiteko musika nozioak eta flamenkoaren oinarrizko ezagupenak izan eta jaialdiak eskaintzen dituen tailerrak aztertu nahi dituzten pertsonei dago zuzenduta. Helburua, partaideek kante, gitarra eta perkusio flamenkoaren oinarri erritmikoekin eta melodikoekin harremanak izatea da, eta baita dantzaren oinarrizko mugimenduekin ere. Hastapen saio horiek San Frantziskoko Udaltegian egiten dira arratsaldeko 19:00etatik gaueko 21:00etara.

Aurreikuspenen arabera, aurreko edizioetan bezala, prestakuntzako tailerrak izan dira programaren oinarri nagusietakoak. Irailaren 9an hasi ziren dantza klaseak San Frantziskoko Udaltegian, 17an kante eta gitarrakoak eta hilaren 21etik aurrera txalo-konpas tailerrak, hastapen mailakoak hasieran eta aurreratuak ondoren.

'Una Ria con Duende' topaketen helburu nagusia Ibaiondoko barrutiko eta hiri osoko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurbiltzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko duen gaitasun handia da. Euskadin eskola eta flamenko diziplinen jarraitzaile asko daude.

Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.net edo 010 telefono zenbakian.