Euskararen hautua iraulketarako bidea

uriola.eus 2015ko ira. 2a, 13:40

Ikasle “uholdeari” erantzuteko prest dago AEK. “Itxaropentsu” eman dio hasiera gaur 2015/16 ikasturteko matrikulazio kanpainari ‘Nahi duzun guztia ulertzeko, nahi duzun guztia esateko’ lelopean.

Aurreko urtearekin alderatuta, euskara ikasleen kopuruak gora egin duela-eta, “ia 13.000 ikasleren bueltan” dago AEKren sarea –iraileko datuen faltan- pozik agertu da Mertxe Mugika koordinatzaile nagusia zifra gorakadarekin: “Mugimendua bada. Herri honek euskararen hautua egin duela nabari da”.

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) ikasturte berriaren hasiera emandako datuak baikorrak dira euskararen ikasketari dagokionean. Ikasleen gorakadak euskararen egoera iraulketaren bidean jarri duela adierazi du Mertxe Mugikak: “10.000 hiztun berri irabazi baditu euskarak laster helduko gara zifrak aldatzera”.

 

Euskara ikastea posible da, merezi du, hautua da

Korrika 19ren mezuan zabaldutako “euskahalduntze” eta “ahalduntze” prozesuaren protagonista “euskararen hautua egin duten ikasleak” direla gogorarazi du Mugikak gaur goizean Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako prentsaurrean. Ikasleak “zoriontzeko” baliatu du abagunea. Esandakoaren eredu, Sara Cozar aktoreak –iaz bezala aurtengoan ere kanpainako irudia- eta Jabi Delgadok nork bere lekukotza eskaini du. Biak ala biak AEK-ko ikasle izanak dira.

Cozarrek euskarara hurbildu ez diren euskal herritarrak animatu nahi izan ditu euskara ikastera. “Ez da hain zaila” esanez apurtu nahi izan du uste okerra. “Behingoz gure hizkuntzari garrantzia eman behar diogu”, adierazi du euskara baino lehen txinera hautatzen duten horien erabakia “guztiz arrarotzat” joz, eta “gure herria eta kulturan parte hartzeko modu ere bada”, gaineratu du.

Euskara ikastea erabaki eta erronka horri heldu dion beste lagun bat da Jabi Delgado. “Gaur egun euskalduna naiz, gai izan naiz, kontua ekitea da”, esan du harro bezain apal Euskaltzaindiako areto nagusiko oholtzatik. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurri duen mezu laburrean “Tú también puedes” eta “si quieres puedes” bezalako hitzak erabili ditu herritar ez-euskaldunei zuzentzeko. “Somos aquello que hacemos” esanez bukatu du.

Ekitea erabakitzen dutenek irailaren 30era arteko epea dute izena emateko, besteak beste, AEK-k Euskal Herrian barreiaturik dituen 100 euskaltegietan. Euskara "praktikoa" ikasteko eskaintza "zabala" dela gogorarazi dute AEK-ko ordezkariek.

Oinarrizko Hiztegia app bihurtuta

“Itzelezko arrakasta” izan du AEK-k iaz kaleratutako Oinarrizko Hiztegia liburuxkak. “Beste buelta bat” eman nahian, berrikuntza gisa, telefono mugikorretarako aplikazio formatuan hiztegia deskargatu eta erabiltzeko aukera eskaintzen du AEK-k bere web orrian. Aplikazioak euskara, gaztelania eta frantsesez oinarrizko hitz eta esalmodeak biltzen ditu. AEK-ko euskaltegi sarearen inguruko informazio ugari ere aurki daiteke aplikazioan.

 

www.aek.eus

Oinarrizko Hiztegia app