Beltza emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kolorea

uriola.eus 2015ko ira. 3a, 08:53

Argazkiak: @EcuadorEtxea

Udan indarkeria sexistaren ondorioz hildako emakumeak gogoratu eta gizarte matxistaren egiturazko arazoa jendarteratzeko deiari erantzun diote beltzez jantzita Unamuno plazan hainbat lagunek.

Women In Black taldeak Estatu espainiarreko dozena bat hiri eta herritan eginiko dei bateratua zen atzo arratsaldekoa. Bilbon, Unamuno plazan elkartu ziren beltzez jantzitako zenbait emakume. Isilik lurrean etzan ziren uda honetan Estatuan indarkeria sexistak erail dituen andrazkoak bailira bezala. Gorpu itxura emateko klarionarekin marra eginez ingururatu zituzten euren gorpuak. 

Bilbon Women In Black taldeak deiturik burutzen den ekintza jendetsuena izan zen atzokoa. Taldea, orain artean, heriotzen bat izaten den aldiro elkartu ohi da antzeko performancearekin indarkeria matxista ikusarazi, salatu eta garaitzeko.

"Haserre, gogaituta eta suminduta" agertu zen atzokoan Women In Black taldekide Mai Serrano emakumeen aurkako indarkeria kasuak gora egin dutelako azken hilabeteetan. “Ez dira gelditzen”, adierazi du. Egin beharrekoen artean berdintasun politikei eustea dago Serranoren iritziz, “ez murriztea”, eta era berean indarkeria sexista kasuak bakantzat ez hartzea. “Arazoa gizartearen egituran dago. Erailketa sexistak icebergaren gailurra baino ez dira. Gizarte oso matxista eraldatzea da gakoa”. Egin beharreko bidean itxaropentsu da Serrano geroz eta jende gehiago batu baitzaie. “Jendeak geroz eta kontzientzia gehiago du eta gauzak aldatzeko gogoa agertzen du”.

[2015-09-02] Performancea egingo dute gaur Unamunon udako erailketa matxistak salatzeko