Oskorriren 'despedidia'

Txomin Barulloren sekretarioaren kopla gaiztoak

Koldo Izagirre 2015ko ira. 7a, 11:16

Iparragirre katean

euskal herria bakean

Natxo Felipe euskaldun bila

gitarra bat besapean

 

sei hari tinko eskura

besterik ezer ez gura

kantu berritan zabalduko du

gure bihotzen estura

 

burdina eta ikatza

Aresti bizirik datza

haren arima nekatuari

eman hioen hik hatsa

 

egia eta ogia

zuen bion melodia

herritasunez beti sutua

bularreko karobia

 

gure kontzientzia zer da

kantu sotil baten berba

ez duk erraza zintzo kitatzen

hiri zor diagun zerga

 

Txomin Barullok badaki

zer den simaur zer den jaki

erdal hirian Natxo sortu zen

euskal kantuaren azti.

 

 

Koldo Izagirre, 2015-09-05