Isidro Elexgarai, Beñat Intxausti eta Gorabideko erabiltzaileak 'Ibiltaria' sarirako hautagaiak

uriola.eus 2015ko ira. 7a, 16:11

Iazko 'Ibiltaria' saridunak, Bakuva elkarteko kideak

Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago egiten laguntzen duten pertsonen zeregina aitortzea helburu du 'Ibiltaria' sariak. Bozketa herritarrak erabakiko du aurten, Mugikortasun Aste Europarraren baitan, laugarren edizoko sariduna.

Irailaren 21ean jakinaraziko dute saridunaren izena eta hurrengo egunean egingo dute sari banaketa Mugikortasunaren Aste Europarraren amaierako ekitaldian, 'Bilbao nire kotxe barik!' egunaren ospakizunean, hain zuzen.

Mugikortasunaren Astean elkarlanean diharduten komunikabideen bitartez –Deia, El Diario Norte, Onda Cero, Onda Vasca, COPE, Bizkaia Irratia, Radio Popular…–, entzule eta irakurleek bozkatu ahalko dute hiru hautagaien artean, gaurtik irailaren 20ra arte.

Sariaren lehenengo edizioko (2012) irabazlea Virginia Berasategi triatleta izan zen. 2013an, berriz, audientziak Bilboko Txikiteroak aukeratu zituen eta iaz Bakuva elkartea izan zen garailea.

 

Aurtengo hautagaiak

Hauek izan dira 2015erako proposatutako hautagaiak: Isidro Elexgarai (Laboral Kutxaren komunikabideekiko harremanetarako zuzendaria, Gorabide elkarteko erabiltzaileak (adimen-urritasuna duten pertsonekin lan egiten duen elkartea) eta Movistar taldeko Beñat Intxausti txirrindulari bizkaitarra, 2015eko Giroan etapa bateko garailea.

 

Isidro Elexgarai

Duela mende eta erdi txinboa izango zen, txirene samarra, gainera. Gaur egun, aldiz, BB (betiko bilbotarra) eta lapiko guztietako burruntzali bero eta atsegina izateko merezimendu guztiak ditu.

Erretiroa hartzeko hilabete gutxiren faltan, Laboral Kutxaren komunikabideekiko harremanetarako zuzendariak astia izan du bere bizitzan Taekwondoko gerriko beltza izateko (Lethal Weapon du ezizena), Txarriduna elkarteko akademikoa “barruzkoen” aulkiarekin, Gargantua konpainiako kidea, Bilboko 2005eko Aste Santuko pregoilaria, Begoñako Amaren Ohorezko Neba Nagusia, 2010eko Aste Nagusiko pregoilaria, Bilboko 2009ko Erraldoia, 2015eko Bilbainologoa, Bilboko 2015eko Bilaua eta UNICEFen Euskal Herriko Kontseiluko zuzendari boluntarioa.

Sarritan ikusten da kalean, Abandon nahiz Zazpi Kaleetan, beti hartu-emanetan eta solasean norbaitekin, irribarrea ahoan, Isidro Elexgaray hautagai duina da 2015eko Ibiltariaren Sarirako.

 

Gorabide elkarteko erabiltzaileak

Gorabide irabazi asmorik gabeko elkartea da, Bizkaian adimen urritasuna dutenei laguntzen diena, euren eta senideen bizimoduaren kalitatea hobetzeko eta euren eskubideen alde jokatzeko. 1962az geroztik, banako zerbitzuak eskaintzen ditu, kalitatezkoak eta berotasunezkoak, adimen-urritasuna dutenentzat, urritasunaren nondikoa zein-nahi izanik ere. Gizarteratze-lanean ere jarduten du, adimen-urritasuna dutenen, euren senideen, profesionalen, boluntarioen eta erakunde publikoen eta pribatuen lana uztartuta.

50 urtetik gora dira Gorabide elkartea adimen-urritasuna duten pertsonen eta euren familien premiak iturritik hara atzematen dituena. Horrela, ardura publikoko sistema soziala Euskadin finkatzeko lagungarri diren zerbitzuak sortuz joan da: egoitzak, etxebizitzak, menpetasun barik bizitzeko laguntzak, aldi baterako egonaldiak, eguneko zentroak, familien arnasaldirako programak…

Era berean, Lantegi Batuak eta Futubide sortzen hartu zuen parte, adimen-urritasuna dutenak laneratzeko eta babesten laguntzeko, hurrenez hurren.

Alabaina, sari honetarako hautagai izatean elkarteak duen asmoa adimen-urritasuna duten pertsonak agerraraztea da eta, saria lortzen baldin badute, izan dadila gehiago Gorabideren erabiltzaileentzat, Gorabide elkartearentzat baino.

 

Beñat Intxausti

2015eko Giroan Fiuggi herriaren eta Campitello Matese 1. mailako mendatearen artean jokatu zen 8. etaparen irabazlea sasoi betean dago 28 urterekin.

1986ko martxoaren 20an jaio zen Zornotzan (Bizkaia). Beheko mailako kategorietan aritu zen Amorebieta S.C. taldean. Amateur mailan Seguros Bilbao taldearekin urte bi jardun ostean, profesionaletan egin zuen debuta 2007an Saunier Duvalen filiala zen Nicolas Mateos taldearekin. 2008an Saunier Duvalen, 2009an Fuji-Servetto izena hartuko zuen taldean, eta 2010ean kontratua sinatu zuen Euskaltel-Euskadirekin. 2011n Movistar Team taldera pasatu zen Beñat. Talde horretan ari da gaur egun.