Norbanako zein kolektiboek ekin diote Emakumeen Mundu Martxari atxikimendua emateari

uriola.eus 2015ko ira. 8a, 07:30

Argazkiak: emakumeenmundumartxa.eus

'Gure gorputza, gure lurraldea' lelopean gauzatuko da Emakumeen IV. Mundu Martxa irailak 28 eta urriak 4 bitartean Euskal Herrian. Bilbon egingo diote agurra, "egun osoko festarekin".

Prestaketa lanetan ari dira buru-belarri Emakumeen IV. Mundu Martxako lantaldeak Euskal Herrian. Larunbatean dute azken asanblada nagusia Gasteizen eta bertan parte hartuko dute herriz herriko asanbladetako kideek. 

Atxikimendu kanpaina izango dute, beste gai askoren artean, mintzagai. Kanpaina abian da Interneten dagoeneko. Norbanakoek zein kolektiboek aukera dute IV. Emakumeen Mundu Martxari babesa emateko. Hainbat taldek hazien edota arbolen landaketa sinbolikoa eginez eman dute atxikimendua. "Euskal emakume nekazariak goraipatuz" eta "elikadura burujabetza aldarrikatuz".

 

Urriaren 4an, Bilbon hitzordua

Europa ia osoa zeharkatu ostean, irailaren amaieran Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian izango da. Joan den martxoan hasi zuen bere ibilaldia, Kurdistandik abiatuta, eta irailaren 28an harrera beroa egingo diote Euskal Herrian. Hain zuzen, urriaren 4a bitarte, hainbat txoko eta herri zeharkatuko ditu, "aldarrikapenez beterik" iritsiko den karabanak.

Urriaren 4an, Bilbon, izango da ekitaldi nagusia. "Euskal Herrian herriz herri haziak jaso ostean, Galiziara testigua pasa aurretik egun osoko egitaraua duen festa" antolatu du lantaldeak.

 

Ibilbidea eta lanketa

1995ean Quebecen emakumeen aldeko martxa bat egin zuten, 'Larrosa eta ogiaren martxa' deiturikoa.  15.000 pertsona batu zituen. Orduan erabaki zuten martxa era zabal batean egitea.

2000 urtetik aurrera Emakumeen Martxa egiten da bost urtez behin mundu mailan. 2004an adostu zen 'Emakumeen Gutuna' gizarteratzea, Congon. Urtebete beranduago, furgoneta more batekin Euskal Herrian "feminismoa zabaldu" zuen lantalde batek. Bi urtera, 2007an, onartu zen 'Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna'.

Ibilbide luzea eta lanketa sakona egin du taldeak, 'Indarkeria matxistaren kontrako protokoloa' adosteraino. Protokolo horren arabera, emakume bat erailtzen duten aldiro, 24 ordutan kalera atera eta salaketa publikoa egiteko konpromisoa onartu dute atxikimendua eman dioten lagunek. 

Oinarrian, martxak "ongizatea eta elikadura-burujabetza" ditu, "bakea eta desmilitarizazioa". Helburutzat ditu "emakumeen lan ikusezina ikusgarri egitea" eta "emakumeen kontrako indarkeria, horien gorputzak, bizitza eta sexualitatea kontrolatzeko tresnak" salatzea eta gainditzea.

 

emakumeenmundumartxa.eus

Atxikimendua emateko klikatu hemen