Bilboko 18 euskaltegietan euskara ikasi eta hobetzeko 2015-16 ikasturteko matrikula zabalik dago. Euskaltegietako ordezkariekin batera aurkeztu du Euskara zinegotzi Koldo Narbaizak 'Zer o no ser' kanpaina. Bilbotarrei "euskaltegira hurbiltzeko gonbitea" egiten dien kanpaina. Narbaizaren hitzetan, euskaltegietan bertan aurkitzen dira "euskararen irakaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak". Euskaltegiei "egundoko garrantzia" aitortu die Narbaizak normalizazio bide horretan: "Sare zabala eta oso bizia osatzen dute", esan du.
Hiriko zortzi barrutietan barreiatuta dauden euskaltegietatik pasa dira egungo Bilboko 100.000 inguru euskaldunetako "asko". Erantsi duenez, "gehienek" euskaltegien "iturritik edan dute.
Aurreko ikasturtean, Bilboko euskaltegien sareak 9.000 ikasle hartu zituen, euskaltegien izenean gaurko aurkezpenean hitza hartu duen Mertxe Luzuriagaren arabera. "Gutxi gorabeherako" datua dela nabarmendu du, zifra zehatza ematea "zaila" baita. 9.000 horietatik 270etik gora izan dira euskara ikasteko Bilboko Udalaren diru-laguntza jaso duten lagunak, matrikulatuen %3. Beti ere, D ereduan seme-alabak matrikulatuta dituzten gurasoak.
Ikasturte berrian euskara ikasteko laguntza zabaldu egingo die Udalak aisialdia eta kirol jardueretan dabiltzan monitoreei "egunero egiten duten lanak izugarrizko garrantzia duelako ume-gaztetxoen hizkuntza portaeran". Udalak neurri honen bidez "indartu nahi du hizkuntzaren normalizazioan ondorio biderkatzaileak" dituen monitoreen kolektiboa.
Orain baino lehen langabe edota gizarte laguntzaren bat jasotzen duten pertsonak euskara ikasteko onuradun izan direla kontutan hartuta, kolektibo horiei laguntzak emateko aukerari buruz galdetuta, "jarraitu beharreko bidea hori dela" adierazi du Narbaizak. "Laguntzak gero eta gehiago zabaltzea" da Udalaren asmoa.
Aipatutako laguntzak 2016ko udan banatuko dira, 2015-16 ikasturtea bukatu ostean. Onuradun izateko deialdia 2016ko martxo aldera argitaratuko du Udalak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
Informazio gehiago: www.bilbaoeuskaraz.eus
Mertxe Luzuriaga, Bilboko euskaltegiak: "Hiritar guztiek euskara ikasi eta hobetzeko aukera izatea da gure erronka"
Iraila erronka berriei ekiteko hilabetea da, eta bilbotar askoren buruan egongo da "zergatik ez euskara ikasi eta hobetzeko aukerari baietz esatea" galdera. Horiengana zuzendu da Mertxe Luzuriaga hiriko euskaltegietako ordezkari gisa. "Etorri euskaltegietara, ezagutu euskaltegiak, hitz egin eta azaldu zuen kezkak eta helburuak". Ateak zabalik dituzte euskaltegiek eta aukera zabala eskaintzen dute. "Anitza da eskaintza eta halakoxea da ikasleen motibazioa ere". Euskara ulertu nahi dutenak, hobetu nahi dutenak edota akreditazioa lortu nahi dutenak daude, besteak beste. Bakarka, taldeka zein onilen ikasteko. Goizeko zortziak baino lehen asten diren klaseak eta gaueko hamarrak arte luzatzen direnak. Astean bi ordukoak, lau ordukoak zein egunerokoak. "Datozen guztiei bidea erraztu nahi diegu, denei aukera eman nahi diegu euskara ikasteko eta hobetzeko; hori da gure erronka".
Euskaltegien zerrenda
1. Barrutia (Deustu)
• AEK Larrako (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24
• Euskal Irakaslegoa-Deustuko Unibertsitatea (Unibertsitateen etorbidea, 24) Tel. 94 475 49 72
• AEK Matxintxu (Ramón y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33
2. Barrutia (Uribarri)
• Matikoko euskaltegia (Moraza plaza, 4) Tel. 94 445 00 51
3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)
• AEK Txurdinaga (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56
4. Barrutia (Begoña)
• AEK Santutxu (Padre Pernet, 9) Tel. 94 473 14 60
5. Barrutia (Ibaiondo)
• Bilbo Zaharra-Elkarlan (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92
• AEK Lizardi (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00
6. Barrutia (Abando)
• BAI & BY (Urkixo zumarkalea, 22) Tel. 94 470 18 57
• Gabriel Aresti-Elkarlan (San Bizente, 2-4) Tel. 94 423 75 91
• AEK Indautxu-Irala (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74
• Labayru ikastegia (Colón de Larreategui, 14) Tel. 94 443 76 84
• Mikelats (Ayala, 1) Tel. 94 415 32 95
• Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67
• Ulibarri (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72
7. Barrutia (Errekalde)
• Juan Mateo Zabala-Elkarlan (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88
• AEK Urtats (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04
8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)
• AEK Zorrotza (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20