Andres Nagel, Lucas van Leyden, Luis de Morales, Susana Talayero eta kartelik modernoenak

uriola.eus 2015ko ira. 11a, 09:55
Argazkiak: www.museobilbao.com

Bilboko Arte Ederren Museoak 2015/16 ikasturtean eskainiko dituen erakusketen berri eman du. Lehen biak hurrengo astetik aurrera ikusi ahalko dira. Batetik, Jose M. Tasendek dohaintzan utzitako piezak eta, bestetik, kartelgintza modernoaren adierazgarri diren aleak.

Tasende Dohaintza

33. aretoa, 15/09/25–16/01/11

Joan den maiatzaren 22an, zenbait artelanen dohaintza jaso zuen museoak, eta prentsaurrekoan aurkeztu zituen ekain hasieran. Horien artean, "lanen kalitateagatik eta adierazgarritasunagatik", Andres Nagel (Donostia, 1947) euskal artista garaikidearen pieza-multzo bat nabarmentzekoa da, joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan egindako 34 obraz osatutakoa: teknika mistoz eta olioz poliesterrean eta beira-zuntzean egindako 16 pieza, eta 18 collage grabatuan. Ama bilbotarraren semea den Jose M. Tasende estatubatuarrak eman ditu dohaintzan. Hain zuzen ere, Tasende izen bereko galeria ospetsuaren sortzailea da (gaur egun, galeria horren egoitza La Jollan dago, Kalifornian). Dohaintzan emandako pieza guztiak museoko 33. aretoan jarriko dira jendaurrean.

 

Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975)

BBK aretoa, 15/10/06–16/01/18

Babeslea: BBK

Kartelgintza modernoaren jatorria XIX. mendearen bigarren erdialdean dago; izan ere, garai hartan, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial handiak egon ziren, eta horrek merkataritza arloko ordena berria ekarri zuen, eta, gainera, markak ugaritu egin ziren eta kontsumo-ohitura berriak agertu ziren. Testuinguru horretan, mende oso batez, kartelgintzak erantzuna eman zien gertakari edo ideia politikoak zabaltzeko beharrizanei, bai eta zenbait produktu edo gune turistiko sustatzeko beharrizanei ere.

Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketak berrehun pieza baino gehiago emango ditu ezagutzera, denak ere museoaren antzinako kartelen fondo handi eta ez lar ezagunekoak. Aipatutako lanak Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakaslea den Mikel Bilbao Salsiduak aukeratu ditu.

Kartelgintza modernoaren aitzindarien obrak jarriko dira ikusgai; besteak beste, Jules Cheret, Theophile Alexandre Steinlen edo Eugene Grassetenak. Era berean, nazioartean ospetsuak diren diseinatzaile handien lanak ere ikusi ahal izango dira: Leonetto Cappiello, Paul Colin, Jean Carlu, Charles Loupot, Ludwig Hohlwein, Raymond Savignac, Saul Bass, Milton Glaser, Roman Cieslewicz, Giovanni Pintori, Jan Lenica, Armando Testa edo Shigeo Fukudarenak, adibidez. Horiez gain, euskal kartelgintzaren ordezkaritza esanguratsua ere egongo da, eta, horrela, Adolfo Guiard, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala edota Elias Salaverria margolari garrantzitsuek publizitatearen esparruan egindako lan handia ikusi ahal izango da. Gainera, marrazkilari handien obrak ere izango dira; besteak beste, Rafael de Penagos, Federico Ribas, Emilio Ferrer i Espel, Josep Morell, Manolo Prieto edo Josep Artigasenak.

Erakusketaren izenburuan, 1886-1975 urteak agertzen dira; izan ere, kartelik antzinakoena Adolfo Guiardek (Bilbao, 1860-1916) 1886an sortutakoa da, eta, horrez gain, 1975eko zenbait kartel ere badaude, tartean Victory 1945, Shigeo Fukuda (Tokio, 1932-2009) diseinatzaile grafiko ospetsuarena.

Ibilbidea zazpi esparru tematikotan dago oinarrituta –turismoari; zezenketei; merkataritzari; kirolari; politikari eta gerrei; azoka, erakusketa eta biltzarrei; eta kulturari eta entretenimenduari buruzko kartelak–, eta, horrela, kartelgintzaren, publizitatearen eta diseinu grafikoaren bilakaera ikus daiteke, bai eta publizitateak eta diseinu grafikoak XIX eta XX. mendeetako hizkera artistikoekiko izandako iragazkortasuna ere. Beraz, kartelgintzaren historiaren mende oso batetik egindako ibilbide luzea da; izan ere, kartela asmo iragankorrarekin sortutako objektua izan zen, baina, hala ere, oso hasieratik, bildumagileen piezen estatusa hartu zuen.

 

Beranaren itzala luzea da. Lucas Van Leydenen obra grabatua, Mariano Moret bilduman

13, 14 eta 15. aretoak, 15/10/20–15/12/14

Antolatzailea eta babeslea: FIG Bilbao

Azaroaren 19tik 22ra Bilbon egingo den Grabatuaren Nazioarteko IV. Jaialdia (FIG) dela-eta, museoak XVI. mendeko grabatu-multzo baliotsua jarriko du ikusgai. Horietatik, 79 pieza, bai eta egurrean egindako grabatu-plantxa bat ere, XV, XVI eta XVII. mendeetako estanpen funtsetik ekarritakoak dira, Mariano Moret bildumagile valentziarrak jasotakoak. Erakusketa osatzeko, Van Leyden estanpa bat jarriko da ikusgai, paperean egindako obrei buruz museoak duen bildumakoa. 80 estanpetatik, 32 Herbeheretako XVI. mendeko artistarik onenetakotzat hartua den Lucas van Leydenenak (Leiden, c. 1489/1494-1533) dira, eta gainerakoak (48) haren eraginpean lan egin zuten artistenak, besteak beste, Nicolaes de Bruyn, Jan Muller, Jan Saenredam, Pierre Firens edo Hendrick Goltziusenak.

 

Morales Jainkotiarra

BBK aretoa, 16/02/09–16/05/16

Prado Museo Nazionalarekin eta Museu Nacional d'Art de Catalunyarekin lankidetzan

Babeslea: BBK

Prado Museo Nazionalarekin (15/10/01-16/01/10) eta Bartzelonako Museu Nacional d'Art de Catalunyarekin (16/06/16-16/09/25) batera antolatutako erakusketa honetako komisarioa Leticia Ruiz Gomez da, Prado Museoko Errenazimentuko Pintura Espainiarraren Saileko burua. Erakusketak Luis de Moralesen (Badajoz, c. 1520-1586) lanean sakontzen du, egile horren eta bere tailerraren lanen bitartez; hain zuzen ere, aipatutako lan horiek Prado Museoaren bildumakoak dira. Guztira, 23 ohol dira. Horietatik, 20 aukeratu dira erakusketarako, eta multzoa beste instituzio eta partikular batzuen maileguekin osatuko da, 60 obra inguru bilduz. Bilboko Arte Ederren Museoak Pietatea (c. 1568) lanaren bertsio autografo garrantzitsu bat jarriko du ikusgai erakusketan.

Modu horretan, Moralesen lanari eta figurari buruzko ezagutza eguneratzea da erakusketa honen helburua –Prado Museoak artistari buruzko lehenengo monografikoa antolatu eta ia mende bat geroago dator oraingo erakusketa hau–, egilearen konposiziorik esanguratsuenak aztertuz eta, batez ere, Kristoren irudiari eskainitako deboziozko obrei erreparatuz. Etengabe saiatu zenez deboziozko eredua sortzen, eta eredu horrek egiazkoa eta sakratua izan behar zuenez aldi berean, bere garaian 'Jainkotiarra' izengoitia jarri zioten, eta halaxe heldu da gaur egunera arte.

Luis de Morales Espainiako Errenazimentuko pinturaren funtsezko erreferentea da, eta XVI. mendeko bigarren erdialdeko izaera artistiko original eta antzemangarrienetakoa ere izan zuen; bere estilo bereziari buruzko aipamenak literatura artistikoan ere jasota daude, eta, horri esker, Estatuko zein atzerriko bilduma ugaritan dago presente. Bere sorkuntza-lanik esanguratsuenek zabalkunde handia izan zuten, Moralesek bere tailerra izan zuelako eta egilearen jarraitzaileek erreplikak ere egin zituztelako. Soilik Grecok (gutxi gorabehera, 1585etik aurrera) bizi ahal izango zuen dibulgazio artistikoko eta arrakasta komertzialeko antzeko fenomenoa.

Eredu ikonografikoa finkatzeko duen gaitasunaz gain, xehetasunei adi begiratzen dien teknika eta marrazketa zehatza darabiltza, bai eta argitasun aldetik leuntasunez jokatu ere; horrek izaera paregabea ematen dio, garai hartako manierismoan murgildutakoa, eta soilik Extremaduran, Portugalen eta Andaluzian lan egin zuen.

 

Susana Talayero

33. aretoa, 16/03/04–16/06/06

Susana Talayerok (Bilbao, 1961) Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (1980-1985), eta Erroman ekin zion bere ibilbide artistikoari; gainera, hantxe bizi izan zen 1986 eta 1995. urteen artean. Talayeroren obra transabangoardiari eta informalismoari lotuta dago, eta joera horietatik sortzen dira egilearen poetika sortzailea eta teknika, euskarri eta material artistiko mota guztiekin esperimentatzeko nahia.

Talayerok pinturaren, marrazkiaren eta bideoaren esparruetan egin izan du lan, eta, bere obran, forma organikoekiko interesa antzematen da. Hain zuzen ere, forma horien bitartez, indar espresibo handiko funtsezko formekin egindako mundu propioa osatzen du. Erakusketa honen komisarioa Aimar Arriola ikerlaria da, eta, bertan, sakonean aurkezten da Talayeroren lana, praktika artistikoan aritutako hogeita hamar urteko ibilbide zabalaren bitartez. Erakusketak 120 pieza inguru izango ditu, batez ere margolanak, 1980ko hamarkadaren amaieran hasi eta gaur egunera arte egindakoak.

 

Albistea www.museobilbao.com-tik hartua