Kobaneko erresistentziaren aldeko elkarretaratzea deitu du 'Herri Kurdiarekin Elkartasun Ekimenak'

ecuadoretxea.blogspot.com

'Kobaneko erresistentzia aurrera. Estado Turco asesino!' lelopean, elkarretaratzea deitu du gaur, irailak 15, Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimenak, 19:30ean, Plaza Biribilean. 

2014ko irailaren 15ean, Estatu Islamikoa erakunde yihadistak (ISIS) Kobane hiriari eraso egin zion. Rojavako (hau da, Siriako Kurdistango) kantoi autonomikoetako batean dago Kobane. Eraso honen bidez, ISISek hilabete bat lehenago Iraken eta Shengalen (gehiengo yazidia daukan lurraldean) hasi zuen hedapenarekin jarraitu zuen Kobanen, eta indarkeria ikaragarria ekarri zuen. Denok ditugu gogoan egin zituzten sarraski gordinak, emakume eta neskatilen bortxaketa sistematikoak, emakumeen bahiketa eta sexu-esklaboen komertzioa, eta biztanleria, izuturik, mendietarantz ihesi.

Kobaneko erasoak 5 hilabete luze iraun zituen, baina autodefentsako unitateen (YPG eta YPJ) erresistentzia ausartak ezinezkoa zirudiena lortu zuten: ISIS munstroa, inperialistek sortutako eta elikatutako erakundea, neutralizatu zuten. Urte bete joan da, eta borrokak aurrera jarraitzen du Kobane inguruko  eskualdeetan, baina une honetan gerraren erdigunea Bakurren dago (turkiarren menpeko eskualde kurdua).

Turkian aurtengo ekainean egindako hauteskunde orokorretan, AKP alderdiak  parlamentuan gehiengo absolutua lortzeko zeukan itxaropena zapuztu da. Gehiengo absolutuak Erdogan presidenteari botere mugagabea emango lioke: Konstituzioa bera ere alda lezake. HDP alderdi kurduak, aldiz, %10eko muga gainditu zuen, eta horrenbestez parlamentuan ordezkaritza lortu zuen.

Horrenbestez, AKPren asmoak bidera ezinak dira, eta ez dituzte hauteskundeetako emaitzak onartu. Horregatik, une honetan funtzioetan ari den gobernuak errepresio basatia hasi du kurduen aurka eta mugimendu iraultzaileen kontra Turkia osoan. Hilketak, suntsiketa, jazarpena eta mendekua. 12.000 polizia bidali dituzte erresistentzia dagoen Kurdistango hirietara. Poliziaren indarkeriak dozenaka hildako eta ehunka zauritu ekarri ditu. Kurduen eta indar aurrerazaleen erantzuna laster etorri da, ordea. Auto-antolaketako sistema baten bidez, esparru ideologikoan aspalditik eraikitzen ari direna, herri eta hiri bakoitza errepresioaren aurka altxatu da eta bere autodefentsako mekanismoak abian jarri ditu, hainbat herri mobilizaziorekin batera. Oso larriak izan dira ere Cizre hiriak burututako blokeoa eta erasoak, bertan indar polizialek, teilatuetan zeuden frankotiratzaileek gehienbat, 21 lagun erail dituzte egun hauetan, 4 ume eta 5 adineko barne.

Euskal Herriko gizarte eta elkartasun mugimenduetatik, Erdoganen politika genozidak eta Mendebaldearen isiltasuna salatu nahi ditugu. Geure babesa eta elkartasuna bidaltzen dizkiogu Kurdistango  herriari, ISISi kemenez aurre egin ez ezik, turkiar faxismoa eta errepresioa borrokatzen ari dena.

KOBANEKO ERRESISTENTZIA AURRERA, TURKIAR ESTATUA HILTZAILEA

BIJI BERXWEDANA KOBANE!!!

CIZIREKO ERRESISTENTZIA AURRERA!!!