Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, igande goizaldean Boluetako diskoteka bateko inguruetan izandako bortxaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza. Ustez, 20 urteko emakume atzerritar bat bortxatu zuten eta bera izan zen biharamunean medikuarenera joan zena. Bertatik ospitalera eraman zuten. Han, protokoloa aktibatu eta zenbait froga egin zizkioten. Horietaz eta diskotekako kamerek hartutako irudietaz baliatuko da Ertzaintza ikerketari aurre egiteko.
Ikerketaren ondorio, atzo arratsaldean eman zuten 21 urteko gizon baten atxiloketaren berri. Boluetan izandako bortxaketaren egilea izatea egozten dio Ertzaintzak.
Elkarretaratzea
Emakumeen aurkako erasoren bat gertatu ohi den aldiro Bilboko Koordinakunde Feministak oraingo honetan ere elkarretaratzea deitu du, hain zuzen ere, gaur, hilak 16, 'Erazorik ez erantzunik gabe!' lelopean, Arriaga plazan, 19:30ean.
[2015-09-15] Igande goizaldean Boluetan bortxatua izan zela salatu du emakume batek
Bosgarren bortxaketa salaketa
Aurten Bilbon salatutako bosgarren bortxaketa da igandekoa, EH Bilduk gogoratu duenez. Hain zuzen, igandekoa aurtengo bosgarrena da. Erakunde publikoei erantzukizunez jokatzeko eskatu die koalizioak: "Argi dago hartzen diren neurriak ez daudela egoerak eskatzen duen mailan".
Leyre Rodriguez gogoan
Women In Black taldeak joan den abuztuaren 8an hil zuten Leyre Rodriguez izan zuen gogoan atzokoan, bere auzoan, Abusu auzoan. Ohi bezala, beltzez jantzita eta isilean kontzentratu ziren. Lurrean etzan beharrean, hilotzak irudikatzeko, zutik egon ziren protestaldiko partaideak. Lurrean klarionarekin Leyreren izena idatzi zuten hainbat aldiz.