Turkiako presidente Erdoganen "politika genozidak" eta "Mendebaldearen isiltasuna" salatu zituzten atzoko elkarretaratzean protestaldiko partaideek. "Gure babesa eta elkartasuna bidaltzen dizkiogu Kurdistango herriari, ISISi kemenez aurre egin ez ezik, turkiar faxismoa eta errepresioa borrokatzen ari denari", adierazi zuen Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimenak agiri batean.
Kurduen aurka eta mugimendu iraultzaileen kontra Erdoganen gobernuak Turkia osoan martxan duen "errepresio basatia" salatzea zuten xede. "Hilketak, suntsiketa, jazarpena eta mendekua". Kurdistango hirietara 12.000 polizia bidali izanak "dozenaka hildako eta ehunka zauritu" eragin dituela gogora ekarri zuten. Tartean, "oso larritzat" jo zituzten Cizre hirian burututako blokeoa eta erasoak. "Bertan indar polizialek, teilatuetan zeuden frankotiratzaileek gehienbat, 21 lagun erail dituzte egun hauetan, lau ume eta bost adineko barne".
Erasoen aurrean, "kurduen eta indar aurrerazaleen erantzuna laster" etorri dela azaldu zuen Komite Internazionalistak. "Auto-antolaketako sistema baten bidez, esparru ideologikoan aspalditik eraikitzen ari direna, herri eta hiri bakoitza errepresioaren aurka altxatu da eta bere autodefentsako mekanismoak abian jarri ditu, hainbat herri mobilizaziorekin batera".
Duela urtebete gertatu zen Kobane hiriaren aurkako erasoa ere oroitu zuten atzoko hitzorduan. Bost hilabetez luzatu zen Estatu Islamikoa erakunde yihadisten (ISIS) "sarraski gordina" Kobanen.