Milaka urteko kultura du Indiak. Egun, enpresa-mailan nahiz maila artistiko, filosofiko eta teknologikoan aintzatetsia da. Herrialdeak hazkunde ekonomikorako potentzial handia du eta Bizkaiko hiriburuan erakutsiko du bere dibertsitate eta aberastasuna lehenengoz.
Abenduaren 5era arte, Bilbok jarduerez betetako egitaraua izango du 'India Bilbao' proiektuaren testuinguruan. Horren helburua da Asiako herrialdearen eta Bizkaiko hiriburuaren artean "ezagutza eta merkataritza harremanak sustatzea, baita enpresa- eta kultura-proiektuen garapena bultzatzea ere".
'Indiarekin bat eginez: gizartea, hezkuntza eta artea'
Bilbon egoitza duen Asiatic Research Institutek eta Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Indiako gobernuak (Espainiako enbaxadaren bitartez) zuzentzen duten ekimen honetan aurkeztuko den jarduerarik erakargarrienetako bat 'Indiarekin bat eginez: gizartea, hezkuntza eta artea' izeneko nazioarteko batzarraren deialdia izango da, gaurtik azaroaren 13ra Bizkaia Aretoa eraikinean egingo dena. Foroa Indiak eta Bilbok "partekatzen dituzten proiektu, ideia eta proposamenak trukatzeko plataforma izango da, eta elkarrekiko ezagutza indartuko du, Asiako herrialdearen eta Bizkaiko hiriburuaren arteko harremanetarako testuinguru egonkor eta positibo bat ezartzeko gakoa dena".
'India Bilbao' proiektua munduan biztanle gehien dituen bigarren herrialdeko "kulturan eta gizartean zehar bidaiatzeko modu bat izango da, hazkunderik arinena duen ekonomian zehar, alegia. Halaber, arte, hezkuntza eta filosofia maila altua eskaintzeaz gain, negozioak egiteko aukera garrantzitsuak ere baditu; batik bat, kontsumitzeko produktuen, eraikuntzaren eta azpiegitura berrien garapenaren esparruan. Indiak Euskadiko enpresa-eremuan pizten duen interesaren proba da 2009. urtean Mumbai hirian ireki zen SPRIren ordezkaritza-bulegoa, hau da, Maharastra estatuko hiriburuan eta herrialdean ekonomia- eta finantza-gune den tokian".
Elkarrizketak, kontzertuak, dantza eta poesia
Antolatutako ekitaldien egitarauak argi uzten du Indiaren aniztasuna, eta herrialde bateko xarma eta indarra aurkitzeko aukera emango du, non elkarrekin bizi baitira lau erlijio, bi mila etnia baino gehiago eta hogeita bi hizkuntza ofizial. 'India Bilbao' proiektuan, 'Gizartea, hezkuntza eta artea' nazioarteko batzarraren deialdiaz gain, diziplinarteko bilera eta jardunaldiekin osatutako agenda egongo da, erakunde publikoentzat, unibertsitateentzat, enpresentzat eta herritarrentzat.
Gainera, musika, dantza eta poesia ere ekimenaren protagonista izango dira. Bilbon, lehenengoz, Shujaat Khan eta Shubjendra Rao musikarien magia bizi eta sentitu ahal izango da, sitar musika-tresnaren bi maisuek Euskalduna Jauregian joko duten azaroaren 12, 13 eta 16an.
Bizkaia Aretoa dantza klasikoaren agertokia izango da; izan ere, Shreyashee Nag dantzariak Kathak dantzatuko du, India iparraldeko modalitate tradizional bat. Emanaldia azaroaren 11n eta 12an izango da, eta jendearentzat zabalik egongo da aretoa bete arte. Abenduaren 5ean, dantza saio bat egongo da Jyotsna Jagannathan dantzariarekin Euskalduna Jauregian.