EH Bilduk Uriolaren zozketen bidez banatuko ditu Alejandro Sanzen kontzerturako jasotako sarrerak

uriola.eus 2015ko ira. 17a, 09:30

EH Bilduk Bilboko Udalaren eskutik 10 sarrera eskuratu ditu Alejandro Sanzek larunbatean, irailak 19, 21:30ean, Bilbao Arenan emango duen kontzerturako. BBK Live jaialdiko sarrerekin egin bezala, oraingoan ere, hauei uko egin, eta URIOLAko zozketen bidez, herritarren artean banatzea erabaki du. Beraz, sartu zozketen atalean eta eman izena zure sarrera lortzeko!

Gai honen aurrean, irailaren 24ko Udalbatzan mozioa aurkeztuko du EH Bilduk. Proposamenaren baitan jasotzen du Udalak edo Udalaren menpeko entitateek erosten dituzten edota doan jasotzen dituzten kultur ekitaldietarako sarrerak, "ez dutela, ez zinegotzientzat, ez zuzendaritza karguetan dauden pertsonentzat ezta inolako langile publikorentzat ere, abantaila pribatiborik suposatu behar ulertzea; edozein bilbotarren onurarako izan behar direla baizik".

Beraz, Udalak edo Udalaren menpeko entitateek erosten dituzten edo doan jasotzen dituzten kultur ekitaldietarako sarrera guztiak, orain arte zinegotzien, zuzendaritza karguen edota funtzionarioen artean banatu izan direnak, bilbotarren artean zozketatzearen alde egiten dute. Honetarako, Tokiko Gobernu Batzordeari eskatzen diote, zozketetarako bilbao.net web orrialderen bitartez sistema iraunkor bat martxan jar dezan.

Alejandro Sanzen kontzerturako sarrerak

Gaurtik eta ostiral egurdira bitartean, URIOLAko zozketen atalean, lehenengo eta bigarren lerroetan kokatutako bost sarrera bikoitz zozketatuko dira, larunbat honetan, irailak 19, Alejandro Sanzek Bilbao Arenan eskainiko duen 'Sirope' giraren baitako kontzertura joateko. Emanaldia 21:30ean izango da eta sarrerak dagoeneko agortuta daude.