Bilboko Argazkigintza Garaikideko Zentroa (CFC) zorioneko dago. Urtarrilean, hiru urte beteko dira kultura-gune hori Zabalguneko eraikinean ireki zenetik, eta balantzea "ezin da positiboagoa izan". Denbora horretan, 300 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute programatutako ikastaroetan, hasierako mailetatik master profesionaletara dauden ikastaroetan. Erakusketa-gelan argazkigintzaren alorrean eta nazioartean izen ona duten profesionalen sortak egon dira ikusgai. Era berean, CFCk "ildo editorial handia garatu du" aldi horretan eta Contratiempo doako aldizkariaren hamabi ale argitaratu ditu orain arte, baita "arrakasta handia" izan duten bi katalogo ere. Horietan, artista ospetsuak eta zentroan bertan sortutako autoreak biltzen dira.
Lan handia egitean lortutako fruitua
Bilboko Argazkigintza Garaikideko Zentroak ematen duen prestakuntzaren adibide da gaurtik aurrera eta azaroaren 30era arte Zabalguneko eraikinean bisitatu ahal izango den A matter of time erakusketa. Bertan, zentroko hamalau ikasleren "obrarik onenak" bildu dira, eta, oraingoan, erakusketako autore eta protagonista bihurtu dira. Lan horiek kontu handiz bildu dira katalogo batean, pertsona horien "gaitasun artistiko egiaztatua agerian uzteko eta haien lana kanpora proiektatzeko".
A matter of time / Denbora kontua / Una cuestión de tiempo erakusketa "hirian argazkigintza garaikidearen bizitasunak ematen dituen taupaden proba eztabaidaezina da". Gainera, lehen urteetan CFCn egindako lanaren emaitza agerian uzten du, "argazkigintza hezkuntzan, erakusketetan eta editorialetan hedatzera orientatu izan dena". Erakusketa eta katalogoa Euskal Herrian garatutako lana ezagutzera emateko plataforma izango dira, "bai gure mugen barruan, bai mugetatik kanpo; izan ere, 2016. urtean estatuko hainbat museotan paratuko dira".
Erakusketa honek bat egiten du azken hiru urteetan diziplina artistiko horretako autore eta profesional ospetsuak kontuan hartu dituen programazioarekin. Alberto Garcia-Alix, Simon Norfolk, Alberto Anaut, Carmen Calvo, etab. Hain zuzen ere, 50 bat izen propio izan dira Argazkigintza Garaikideko Zentroa "estatuan erreferentzia-gune bihurtu dutenak".
Bilboko Udalaren apustua
Argazkigintza Garaikideko Zentroa da "Bilboko Udalak kulturaren alorreko proiektuak garatzeko eta egonkortzeko duen proiektuaren irudia, hiriaren hiriburutza sorkuntza-industrien erreferentziazko polo gisa sendotzen lagunduko duena; izan ere, sorkuntza-industriak balio eta etorkizun handiko sektore estrategikoa dira, enplegua eta aberastasuna sortzeko bokazioa dutenak".
CFCk hiriko toki enblematiko baten du egoitza: Zabalguneko eraikinean. Horrez gain, Bilboko kultura-maparen "gune aktibo" bilakatu da eta "Bilbao Art Districten bihotz-bihotzean integratuta dago", artearekin zerikusia duten museoak, galeriak, erakusketa-gelak, saltokiak eta enpresak dauden lekuan.