Jazzaren indarra

uriola.eus 2015ko ira. 17a, 12:00

‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren zortzigarren denboraldiak inoiz baino indar handiagoarekin ekingo dio bigarren zatiari. Atzerriko artistek eta estatuan ondo oinarritutako taldeek osatutako luxuzko zerrendarekin, hain zuzen ere.

Asko dira 365 Jazz Bilbao zikloaren bereizgarri diren artistak, taldeak, erritmoak eta estiloak. Jazzaren zaleak hirian ugari direnez gero, ziklo honek hasiera-hasieratik egin du kalitatea, programazio askotarikoa eta ikusle guztientzako prezioen aldeko apustua.

Programak entzule-mota guztiengana heldu nahi du eta horretarako estilo desberdinak barnebiltzen ditu: jazzeko sustrai sakonenetik hasi eta azken abangoardietaraino, beste zenbait generorekin egindako fusioak ahaztu gabe, besteak beste, horien artean musika klasikoa, rocka, blusa, hip hop edota ‘munduko musikak’.

2015eko edizioak otsailetik ekainera bitarteko programazioa du, izen garrantzitsuz betea. Denboraldia ireki zuen Zara McFarlane Ingalaterrako abeslariak eta ondoren etorri ziren Tony Allen bateria-jotzaile afrobeatak, Frantziako Manu Katche perkusionista eta konpositorea, Estatu Batuetako Jane Monheit abeslaria eta Philadelphiako Christian McBride baxu-jotzaile birtuosoa.

Denboraldiko bigarren zatia urriaren 6an hasiko da eta Bilbon izango den Estatu Batuetako Johan Abercrombie tronpeta-jotzailea (urriaren 6a) eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) oso kontzertu bereziak emango ditu China Moses artista gonbidatuarekin (azaroaren 19a eta 20a).

 

The Abercrombie Quartet

Urriaren 6an, martitzena, 20:00etan, Bilbo Elkarte Sinfonikoan. Prezioa: 6€.

www.johnabercrombie.com  

John Abercrombie (Port Chester, New York, 1944) 40 urtetik gorako ibiliarekin eta ia 50 albumekin, ohiz besteko soinuak dituen jazzeko maisua da gitarra jotzen. Ikertzaile nekagaitza, jazzaren tradizioan dihardu lanean bihotz eta arima. 14 urterekin hasi zen gitarra jotzen eta intera hartako gaztetxo askoren moduan, Chuck Berry imitatzen zuen. Edozelan ere, jazzera Barney Kesselen bluesak eroan zuen. 1962an Berkleen matrikulatu eta graduatu ondoren New Yorkera joan zen. Han agudo bihurtu zen tira handiko hiriko jazz musikari bikain.

Instrumentista birtuosoa eta sortzailea; gitarra ez eze, baxu elektrikoa eta jazzean nekez erabiltzen den instrumentu berezia ere jotzen zuen: mandolina elektrikoa. Gerora, laukotean jotzeari ekin zion eta hiru album grabatu zituen ECM etxearekin: 'Arcade', 'Abercrombie Quartet' eta 'M' Richie Beirach piano-jotzailearekin, George Mraz baxu-jotzailearekin eta Peter Donald bateria-jotzailearekin. Artistak berak gogoratzen duenez, "garai hartan norbere taldea edukitzea, norbere bandaren liderra izatea gauza benetan garrantzizkoa zen" berarentzat.

Eta bere bigarren taldea hirukotea izan zen: bera, Marc Johnson baxu-jotzailea eta Peter Erskine bateria-jotzailea. Orduan esperimentatu zuen aurrenekoz gitarra-sintetizadorearekin. Hiru album plazaratu zituen talde horrekin: 'Getting there', 'Current events' eta 'John Abercrombie, Marc Johnson&Peter Erskine'.

90eko hamarkadan eta 2000an ere aurrendari izaten jarraitu du. Hainbat artistekin hartu du parte grabazioak egiten eta duetoak osatzen, Ralph Towner gitarra-jotzaile, piano-jotzaile eta musikagilearekin esaterako edota John Scofieldekin 1993an. 2007an, berriz, Joe Beckekin. Jan Garbarek saxofoi-jotzailearekin eta Eddie Gomez baxu-jotzailearekin ere grabatu du.

 

 

Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta China Moses

Azaroaren 19an eta 20an, eguena eta barikua, 20:00etan, Euskalduna Jauregian. Sarreren prezioa ezberdina izango da aukeratutako tokiaren arabera, eta BOSko webgunean kontsulta daitezke: www.bilbaokestra.com

Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta China Mosesek kontzertu "berezi-berezia" eskainiko dute eta denboraldiari amaiera emateko modu ezin hobea izango da. Saio bi egongo dira: azaroaren 19koa eta 20koa; horietan BOSek akonpainamendua egingo dio Mosesi eta genero honetara hurbilduko da horrela.

China Moses, Dee Dee Bridgewater, jazzeko historiako figura handiaren eta Gilbert Moses Raíces telesaioaren zuzendariaren alaba da. Gaztea izan arren, jazz kantatuaren zaletu askoren gogokoenetako abeslaria da. Nortasun handikoa da eta erregistro estilistiko zabal-zabala du. Kantari kaliforniarrak jazzeko kolore guztiak ditu bere abotsean; badu entzuleekin komunikatzeko eta interpretatzeko gaitasun handia eta horrek egungo panoramako punta-puntako artisten artean jarri du.

Chinak agerian uzten du abeslari askorekiko miresmena, Billie Holiday, Etha James edo Dinah Washington kantari klasikoenetatik hasi eta Gretchen Parlato, Molly Johnson, Erykah Badu edo Lady Gaga modernoetaraino. Energien baturak eta eraginen (gospela, jazz klasikoaren zertzeladak dituen soula eta blusa) nahasketak ahalbidetu diote kantari kaliforniarrari bere-berea duen unibertso musikala egitea. Jazzeko diba handi baten itzulera da, zalantzarik gabe.

Eszenaratzea ere asko lantzen du bere saioetan. Horrek zerikusia du telebistan lan egin izanarekin; izan ere, MTV frantsesaren programa baten aurkezlea izan da. Parisen bizi da duela zenbait urtetatik eta jazz-musikariri Europan zaion begirunea defendatzen du. Izan ere, haren hitzetan, "1960ko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan zegoen arraza-bereizketak Europa musikari beltzentzat babesleku garrantzitsu bihurtu zuen. Gainera, munduko lehenengo jazz-jaialdia Nizan antolatu zuten".

Jazz-zaleak maitemindu zituen, lehendabizi, 'This one is for Dinah' (Blue Note), Dinah Washington abeslari mitikoen omenezko lanarekin; eta, gero, 'Crazy Blues' (Universal) jazzeko eta bluseko emakume handien omenezko lanarekin. Raphaël Lemmonier piano-jotzailearen eskutik lan biak. 'The Ruff Pack' hip hopeko bandarekin kolaboratu eta horretan berriz ere aldaberatasun handia erakutsi ondoren, jazz eta souleko alabarik gogokoena berriz ere dator udazkenean errepertorio berri batekin. Haren izena: Breaking Point.

 

Informaziorako webguneak

Kontzertu bakoitzari buruzko informazioa (taldeak, egunak, ordutegiak, lokalak eta abar) kontsultatzeko helbide hau erabil daiteke: www.365jazzbilbao.com

Bilbao 700 Fundazioaren webguneak ere, www.bilbao700.com, zikloko informazio guztia eskaintzen du.

Sarreren salmenta

Sarrerak Kutxabankeko orotariko kutxazainetan eta aretoetako eta antzokietako leihatiletan eros daitezke. Eta kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago, kontzerturako sarreran bertan ere erosi ahal izango dira, aretoaren edukiera osatu arte.

Hotelen kasuan ez da sarrerarik beharko, edariak kontzertuaz gozatzeko eskubidea emango du.

 

'365 Jazz Bilbao', egitaraua, irailetik azarora

Claudio Constantini Quintet, irailaren 25 eta 26an, 23:00etan, Indautxu Hotelean.

The Abercrombie Quartet, urriaren 6an, 20:00etan Bilboko Sociedad Filarmonican.

Juan Ortiz Trio, urriaren 23 eta 24an, 23:00etan, Villa de Bilbao Hotelean.

Alberto Arteta Trio, azaroaren 6 eta 7an, 23:00etan, Hesperia Hotelean. 

China Moses + BOS, azaroaren 19 eta 20an, 20:00etan, Euskaduna jauregian.

www.bilbao700.com

 

[2015-09-08] Bueltan da '365 Jazz Bilbao' zikloa