Mugikortasun Astean bizikleta errege

uriola.eus 2015ko ira. 18a, 14:28

Campo Volantin pasealekua eta Kastaños auzoa erdigunetzat ditu egunotan Mugikortasun Aste Europarrak. Gaur eta asteburu osoan hainbat jarduera antolatu dira, batik bat, hirian bizikleta garraiobide gisa erabiltzera bideratuta. Besteak beste, igandean, zazpi kilometroko Bizikleta Ibilaldi Herrikoian parte hartu ahalko dute hiritarrek.

Irailaren 20an, hasiera eta amaiera Funikularreko plazan izango ditu Bizikleta Ibilaldi Herrikoiak. Ibilbidea: Arriaga plaza, Pio Baroja plaza, Euskalduna Jauregia, Jesusen Bihotza plaza, Moyua plaza, Plaza Biribila eta Areatza. Guztira 7,1 kilometro.

Nahi duenak eman dezake izena dohainik Funikularreko plazan irailaren 20an bertan goizeko hamarretatik haurrera. Adin guztietako pertsonek har dezakete parte, ibilbideak ez duelako zailtasun handirik. Elastikoak oparituko dira eta bizikletak eta material ziklista zozkatuko parte hartzen duten guztien artean.


Bide-segurtasunerako zirkuitua
Irailaren 19an eta 20an bide-segurtasuneko zirkuitua jarriko da Funikularreko plazan, auzoko umeek erabil dezaten. Alde batetik, bizikletaren erabilera arduratsua bultzatu nahi da, zeintzuk diren onurak eta gidatzeko orduan zeintzuk diren segurtasuna bermatzeko neurriak. Gainera, jarduera honekin bizikletarien segurtasuna areagotu eta errespetua sustatu nahi dira bestelako ibilgailuen gidariekin.

Zirkuituaren ingurua mugatuta egongo da eta babesguneak, biribilgunea, seinale horizontalak eta bertikalak, semaforoa eta zebra-bide bi izango ditu. Ikasgela izango den karpa eta zazpi Orbea 24” bizikleta eta maileguan hartzeko kaskoak ere bai. Ildo honetan, umeei euren bizikletak eroateko gomendioa egiten zaie.

 

Bizikleta hirian ondo erabiltzen ikasteko ikastaroak
Egunak: irailak 19-20. Iraupena: 2,5 ordu. Gutxieneko adina: 16 urte. Prezioa: doakoa.
Izena ematea: Decathlon Capitol dendan.
Bakoitzak bere bizikleta eramatea aholkatzen da, maileguan uzteko bizikleten kopurua mugatua da-eta. Plaza mugatuak.
Bizikleta hirian gidatzeko kurtso honek, mugitzeko era ekologiko eta sostengarriagoa zabaltzea du helburu, segurtasuna azpimarratuz. Kurtsoak 2 ordu eta erdiko iraupena izango du. Bizikleten zirkulaziorako segurtasuneko nozioak praktikan jarriko dira; adibidez, aldez aurreko egiaztapenak, zirkulatu bitarteko segurtasuna, oinezkoekiko eta beste garraiobideen erabiltzaileentzako bizikidetza, bizikletentzako karriletatik, errei partekatuetatik, galtzada-gurutzeetatik, pasabideetatik, biribilguneetatik eta beste bide batzuetatik zirkulatzea.



'Bilbon Bizi' aplikazioaren aurkezpena
Irailaren 21ean, astelehena, 'Bilbon Bizi' aplikazioa jarriko da abian. Dohainik jaistekoa Google Play eta App Storetik. Aplikazioari esker, bizikleten udal zerbitzuaren erabiltzaileek hainbat kontsulta egin ditzakete: zenbat bizikleta eta ainguraketa dauden eskuragarri puntu bakoitzean, ea horietakoren bat zerbitzutik kanpo dagoen… puntu guztiak adierazten dituen mapa ere badu, kilometro-kontagailua, ebitatutako CO2 adierazten duena, zerbitzuaren ezaugarri nagusiei buruzko informazioa, zerbitzuaren informaziorako eta gorabeheretarako telefonoak, aplikazioari buruzko laguntza eta erabiltzaileak aplikazioan sartzen direnean zerbitzuan gertatzen diren gorabeheren berri emateko oharren sistema.
Aplikazioa euskaraz zein gaztelaniaz erabiltzeko konfiguratu daiteke.

 

Bilbao nire kotxe barik!
'Bilbao, nire kotxe barik!' eguna irailaren 22an (martitzena) izango da eta 2015eko Mugikortasunaren Aste Europarrari amaiera emango zaio horrela. Funikularreko plazan izango da ekitaldi nagusia. Goizeko hamaika eta erdietatik aurrera, Bilbao Ibiltaria saria banatuko da, 'Aukeratu. Aldatu. Konbinatu' marrazkidun idazlanen lehiaketaren sari-banaketa egin eta jardunaldiari buruzko agiria irakurriko da.

 

[2015-09-15] Funikularraren mendeurrena dela eta, Kastañosen izango da aurtengo Mugikortasunaren Astea