Aburtorentzat "garrantzitsuago da" Bilbo Zaharra eta Zabalgunearen arteako gunea "ekonomikoki eta sozialki ez hipotekatzea" 2019rako Abiadura Handiko Trena martxan izatea baino. Gune horren etorkizuna baldintzatuta geratuko lizateke AHTren sarrera lurrazaletik egiten bada. Historikoki bi auzoen artean trenbidearen ondorioz existitu den lubakia desagerraraztea izan da aurreko eta egungo udal gobernuen helburuetako bat. Horretarako, baina, AHTk Bilbora lurrazpitik iritsi beharko luke.
PPko bozeramaile Luis Egiluzek adierazi duenez, Bilboko Udalak AHTren finantzaketan parte hartu behar du. "Ez ditu soilik lursailak jarri behar" proiektuan, "Bilbao Ria 2000n egin duen bezala".
Protesta Bilbon
Gaur, irailak 22, asteartea, Ana Oregi (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko kontseilaria) eta Bilboko, Gasteizeko eta Donostiako alkateak, Madrilera joango dira, Ana Pastor Sustapen ministroarekin batera, AHTren inguruko bilera bat izateko. AHTak suposatzen duen "despilfarro ekonomikoa eta bideraezintasun soziala" salatzeko AHT Gelditu! Elkarlanak protesta egingo du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Kale Nagusiko 85. zenbakian, goizeko 10:45ean. Jaurlaritzak AHTra dirua bideratzeari uztea exijituko dute.