Bizikleten udal zerbitzuaren erabiltzaileentzat Bilbon Bizi aplikazioa martxan jarri dute

uriola.eus 2015ko ira. 21a, 13:12

Gaur goizean Bilbon Biziren App berria aurkezten da. Dohainik jaistekoa aukera dago Google Play eta App Storetik eta honi esker, bizikleten udal zerbitzuaren erabiltzaileek hainbat kontsulta egin ditzakete; zenbat bizikleta eta ainguraketa dauden eskuragarri puntu bakoitzean edota, horietakoren bat zerbitzutik kanpo dagoen; besteak beste. 

Puntu guztiak adierazten dituen mapa ere badu, kilometro-kontagailua, ekidindako CO2 adierazten duena, zerbitzuaren ezaugarri nagusiei buruzko informazioa, zerbitzuaren informaziorako eta gorabeheretarako telefonoak, aplikazioari buruzko laguntza eta erabiltzaileak aplikazioan sartzen direnean zerbitzuan gertatzen diren gorabeheren berri emateko oharren sistema. Aplikazioa euskaraz zein gaztelaniaz erabiltzeko konfiguratu daiteke.

Bilbon Bizi puntu berri biren lizitazioa

Bestalde, abian da bizikletak maileguan hartzeko Bilbon Bizi zerbitzuaren puntu berri biren lizitazioa; bat Epalza kalean eta bestea Trenbideko etorbidean, Iralako igogailuaren ondoan. Hori gutxi balitz, Campo Volantineko geralekua udaletik gertuago jarriko da eta azaroan 104 bizikleta berri egongo dira. 

Bilboko Ibiltariaren Saria

Gaur bozketaren zenbaketa egingo da Ibiltariaren sariaren Irabazlea nor den jakiteko. Sari honek Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen duten pertsonen zeregina aitortzen du. 

Irabazlea herritarrek aukeratu dute Mugikortasunaren Aste Europarraren elkarlanean diharduten komunikabideen atalen eta programen bidezko bozketetan, irailaren 7tik 20ra bitartean. Irabazlea ezagutzera emango da gaur bertan, irailak 21, eta saria bihar jasoko du MAEri amaiera emango dion Bilbao nire kotxe barik! Egunaren ospakizunean.

Hauek izan dira 2015erako proposatutako hautagaiak: Isidro Elexgarai (Laboral Kutxaren komunikabideekiko harremanetarako zuzendaria), Gorabideren pertsona erabiltzaileak (adimen-urritasuna duten pertsonekin lan egiten duen elkartea) eta Movistar taldeko Beñat Intxausti txirrindulari bizkaitarra, 2015eko Giroko etapa bat irabazi zuena.

El Corte Ingles Marrazkidun Idazlanen I. Lehiaketa – MAE Bilbo 2015

Bilboko El Corte Ingles, 2015eko Mugikortasunaren Aste Europarraren antolatzaileetako bat izanik,Epaltzaren Alarguna eta San Pedro Apostol HI ikastetxeekin batera, marrazkidun idazlanen I. lehiaketa prestatu du umeentzat, Bilbon mugitzeko (mugikortasuna) moduari, jomugetara heltzeko bertako garraio publiko ugaria eta garraio pribatua konbinatzeari (Multimodalitatea) eta garraioak ingurumenean duen eraginari (Iraunkortasuna) buruzko hausnarketa egin dezaten.

2015-16 ikasturtean aipatutako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 6. maila egingo duten neska-mutilentzat da lehiaketa. Parte-hartzaileek proposatu zaien gaiari buruzko marrazkidun idazlana aurkeztu dute, euskaraz zein gaztelaniaz.

Lanak Castaños kaleko Auzo Etxean irailaren 16tik 22 arte ikusgai izan ondoren, gaur, irailak 21, bilera egingo du epaimahaiak irabazleak nortzuk diren erabakitzeko. Sariak bihar banatuko dira Bilbao nire kotxe barik! ekitaldiaren barruan.

Gainera, Barik txartela jasoko dute parte-hartzaile guztiek, Bilboko Udaleko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak oparitutako bost euroko kargarekin, baita neoprenozko estutxea ere, boligrafo birekin, lapitz batekin, borragomarekin eta zorrozkailuarekin, El Corte Ingles etxearen opari moduan. 

Ikastetxe bakoitzeko irakasle batek, Bilboko Udalaren ordezkari batek eta El Corte Ingleseko ordezkari batek osatuko dute epaimahaia.

Doako multimodalitatea funikularrerako

Mendeurrena dela eta, irailaren 16tik aurrera, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak Bilbobusean Barik txartela balidatu ondoren Artxandako funikularra hartzen dutenei dohainik eskaintzen die garraiobide-aldaketa hori.

Barik txartela Artxandan balidatzen dutenek ere, jaisteko dohainik hartu ahal izango dute Bilbobusen linea.

Bidegorri biribila

Bilboko Udalak berriro margotu eta seinaleak jarri ditu Campo Volantineko bidegorriaren amaieratik Udaletxeko zubira bitartean, Epaltza kaletik, Areatzako autobus-erreitik, Areatzako zubitik eta Erripa kaletik jarraitzeko, Villarias kalearen pareraino. Han, berriro hartuko da Uribitarte pasealekua bidegorriarekin konektatzeko Pio Baroja plazan.

MAE Bilbao 2015 iraunkorra izango ei den itxitura horretaz baliatuko da bizikletariak, oinezkoak eta erabiltzaile guztiak elkarrekin eta harmonian biltzeko.

Udalak behin eta berriz gonbidatzen ditu bizikletariak ibilbide berria probatzera eta euren iritziak Udalari ematera. Posta elektronikoaren bidez egin dezakete hori: agenda21@bilbao.net.

Bilbobus erakusketa-gela

Bilbobus erakusketako autobusa Epaltza kaleko oinezkoen alderdian dirau. Han, Bilboko garraio publikoaren historiari, oinezkoen alderdiak sortzeari, multimodalitateari eta abarri buruzko zenbait ikus-entzunezko erakusten dira.

Piraguak itsasadarrean

Bilbobentura turismo aktiboko ekintzaileak elkarlanean ari dira 2015eko MAEn eta euren jarduera batzuk jarriko dituzte Pio Baroja plazako pantalan. Han, nahi duten pertsonek Bilbon mugitzeko modu ekologiko eta jasangarria esperimentatu ahalko dute, itsasadarretik nabigatzea, alegia.

Piraguen zerbitzuak prezio bereziak izan ditu irailaren 16tik 21era bitartean. Hilaren 22an, ordea, doakoa izango da, Bilbao, nire kotxe barik! egun horretan ospatuko da-eta. Erabiltzaileek txankletak, aldatzeko arropa eta eskuoihala eraman beharko dituzte.

Aukeratu. Aldatu. Konbinatu 

Aurten, MAEren goiburua Europa osoan "Aukeratu. Aldatu. Konbinatu" da eta  arreta berezia jartzen dio mutimodalitateari hiriko eta hiriaren inguruko garraioan. Kontzeptu honek bultzatu egiten ditu herritarrak euren hiriko, kasu honetan Bilboko, garraioan dituzten aukeretan pentsatzera eta garraiobide egokia aukeratzera norabait joaterakoan. Halandaze, MAEk gonbit egiten die herritarrei mugitzeko erak konbinatzera, sarritan bidaia azkarragoa eta atseginagoa izatera iritsi daiteke eta.

Bilboko Campo Volantin pasealekuaren eta Castaños auzoaren arteko kaleetan izango dira aurten Mugikortasunaren Aste Europarraren barruko ekitaldiak. Irailaren 16an (eguaztena) hasiko dira eta 22an (martitzena) amaituko; egin-eginean ere, “Bilbao nire kotxe barik!” egunean. Gainera, ekitaldiok bat egiten dute 1915eko urriaren 7an abian jarri zen Artxandako funikularraren mendeurrenarekin.