Monika Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariaren esanetan, "iritzi irekia eta gure gizartearen isla izateaz gain, unean uneko, baina urtean zehar etengabekoa izango den topaketa gune berri bat izatea du helburu" Zinexit zine erakusketaren atariko gisa programatu den 'Zinexit Topaketak'.
Protagonisten bizipen desberdinak plano sekuentzia bakar batean azaltzen dituen film hau, Bilboko Golem Alhóndiga zinemetan irailaren 22a, asteartean, eskainiko da doan aretoko edukiera bete arte. Oristrell eta Levik aurkeztuko dute filma, eta emanaldiaren ondoren solasaldi ireki batean hartuko dute parte ikusleekin. Ekitaldiaren aurkezpena, besteak beste, Goenkale telesaila edota Aupa Etxebeste filmean egindako lanarengatik oso ezaguna den Iban Garate gipuzkoar aktorearen esku izango da.
' Hablar' filmak, 80 minutuko iraupena daukan sekuentzia bakar batean, Madrileko Cristina Rotaren antzezpen eskola eta Lavapiés-eko metro sarrera bitarteko tarte eskasean biltzen du hogeita hamar bat pertsonaien sarrera eta irteeraren planoa. Gatazka pertsonal desberdinak agertzen dira pantailan, hauetako batzuk aldez aurretik izan dute gidoia prestaturik eta beste batzuk ordea, bat-batean antzeztuak izan dira. Aktore zerrenda zabalak hartzen du parte film honetan, besteak beste, Mercedes Sampietro, Melani Olivares, Juan Diego Botto, Maria Bottto, Nur Levi, Sergio Peris-Mencheta, Marta Etura, Goya Toledo edota Raúl Arévalo.
Hitzaren eta lagunen arteko komunikazioaren inguruko 20 istorio biltzen ditu filmak. Pertsonaiek eztabaidatu, barre, negar, xuxurlatu, oihukatu, haserretu eta elkar besarkatzen dute, hitzak daukan botere handiari buruzko hausnarketa proposatuz. Era berean, ohikoa ez den erronka tekniko handia egiten du, nahiz eta zinearen historian Alfred Hitchcock-en "La Soga" klasikoa edota Alejandro Gonzalez Iñarrituren oscardun "Birdman" filmetan ere era honetako adibideak biltzen diren.
Filma hiru egunetan egin zen: Igande batean entsegu bat, astelehenean bi grabaketa, eta asteartean beste bi egin ziren. Oristrellen esanetan azkena onartu zuten denetatik organikoena zelako. Etenik gabe egindako talde-lan honek inguruko egoerei egokitu beharra izan du, esaterako auzoko bat filmaketa eremuan sartu eta aktoreak ezer gertatuko ez balitz bezala antzezten jarraitu behar izan zuen.
Zinexiti buruz
Elkarren segidako 6. urtez, film ziklo batek aldarrikatuko du zinea tresna hezitzaile eta sozializatzaile gisa, desberdintasunaren errespetutik abiaturik euskal gizartean elkarrizketa bultzatu eta bakearen kultura sustatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatutako Zinexit Zine Erakusketa, Bilbao Alhondigako Golem zinemetan ospatuko da urriaren 26 eta 29a bitartean.
Zinexit ekimenak gizakiaren oinarrizko eskubideak eta duintasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatu nahi du, beti ere, ideiak, nahiak, printzipioak eta baloreak aurrez aurre jarri eta eztabaidatzeko herritarrentzako guneak sortuz.
Heziketarako tresna sozializatzaile eta eraginkorra da zinema, ikuslea errealitate ezberdinak bizitzera eraman eta gizarteko injustizien aurrean zentzu kritikoa sortarazten duena. Zentzu honetan, bakea bizikidetza eredutzat harturik, giza eskubideen ezagutza, hausnarketa eta sustapena lortzeko ekimen aproposa dugu Zinexit. Aurreko ekitaldietan bezala, pedagogia sozialerako proposamen bat den Erakustaldi honen helburua da eztabaida guneak sortuz, Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoarekin zerikusia daukaten gai desberdinei buruz ikusle parte-hartzaileei hausnarraraztea.