Honela, Drogaren aurkako Ikuskaritzako agenteek, Begoñako Ikuskaritza saileko kideekin batera, 21 urteko gazte baten inguruko dispositiboa zabaldu zuten, auzoko gazte andanari "marihuana poltsatxoak emateagatik susmagarria izan eta inguruan alarma soziala eragiteagatik".
Udaltzaingoak esandakoaren arabera, drogaren aurkako agenteek aurretiaz, abuztuan burutako beste operazio batean, pertsona hau antzeman zuten, eta iragan eguaztenean, droga saltzen ari zela ikusita, momentuan bertan atxilotu zuten, eskura emateko 10 marihuana poltsatxo eta aurreko salmentetatik lortutako dirua konfiskatuta. Halaber, auzoko oinezkoentzako esparru batean, momentuan bertan berarekin batera zeuden droga erretzen ari ziren zenbait gazte identifikatu zituzten, baita marihuana zenbait poltsatxo harrapatu ere.
Ondoren, gazteetako bi, atxilotutakoaren etxeraino hurbildu ziren, "hirugarren gizonezkoak etxebizitzan gordeta zuen merkantzia ilegala ezerezteko". Bi gizonek, 31 eta 24 urtekoak, kartoizko kutxa batzuk zeramatzatela ihes egiteko asmoa agertu zuten baina agenteek bertan gelditu zituzten. Kutxen barruan bi kilo marihuana-kukulu inguru eta droga pisatzeko baskula bat topatu eta konfiskatu zituzten agenteek.
Diligentzia polizialak bukatutakoan, atxilotuak epailearen esku jarri dituzte, osasun publikoaren kontrako, droga-trafikoaren modalitateko delitu bat egotzita.