Desagertutako 43 ikasleren senideei elkartasuna adieraziko diete larunbatean, hilak 26, Bilboko Plaza Biribilean deitu duten elkarretaratzean. "Euren amorrua gurea ere bada" eta "Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu" esanez bat egingo dute desagerketen argiketa eta justizia eskatzen duten familiekin.
19:00etan egingo den kontzentrazioaren ostean, Mexicana Clandestina taldeak kontzertua eskainiko du.
Hori baino lehen, ostegunean, hilak 24, Errekaldeko Etxarri gaztetxean 'Ayotzinapa, crónica de un crimen de estado' dokumental kritikoa eskainiko dute 19:00etan.
Duela urtebete
Mexiko estatua ez ezik mundu osoa astindu du joan den irailaren 26ko Ayotzinapako Eskolako 43 ikasleren aurkako ekintzak; Igualan, Mexikoko Guerrero estatuan gertatua, Poliziaren karga baten ostean.
Orain baino lehen Guerrero ez zen ezagutu ere egiten, desagerpenak gertatu ostean berriz milaka herritar izan dira mundu osoan Ayotzinapa direla aldarrikatzen dutenak sare sozialetan.
Enrique Peña Nieto (PRI) buru duen gobernuak emandako bertsioaren arabera, Igualako Poliziak Ayotzinapako Eskola Normaleko —irakasle eskolak— ikasleen aurka jo zuen gau hartan: sei pertsona tiroz hil, 27 zauritu eta 57 bahitu zituzten. Bahituetako hamalau handik egun batzuetara aurkitu zituzten; 43 ikaslek desagertuta segitzen dute; eta, bertsio ofizialaren arabera betiere, poliziek Guerreros Unidos taldearen esku utzi zituzten ikasleok, eta Coculako zabortegi batean akabatu eta erraustu zituzten, Iguala ondoan. Ez zuten horren frogarik aurkeztu, ordea.
Adituen txostena
Aditu talde batek auzitan jarri du Ayotzinapako ikasleen auziaren bertsio ofiziala. Sei hilabetez aritu da Giza Eskubideen Interamerikako Batzordea Ayotzinapako ikasleen desagerketa ikertzen, eta ikertzaile taldeak auzitan jarri du Mexikoko Gobernuak auziari buruz emandako bertsioa. Txosten batean, adituek uste dute Mexikoko Guerrero estatuko Poliziak eta armadak ez zituztela ikasleak babestu, beste ikasle batzuen aurkako erasoen berri bazuten ere.
Claudia Paz batzordeko kideak adierazi duenez, ikasleen kontrako erasoa "gizon batek zuzendu eta koordinatu zuen". Batzorde horren zeregina luzatuko duela jakinarazi du Mexikoko Gobernuak.