ATHren Bilboko sarbidearen diseinua urtea bukatu aurretik erabakiko dute

uriola.eus 2015ko ira. 23a, 10:10
Argazkia: @juanmariaburto

"Baikortzat" jo du Aburto alkateak Ana Pastor Sustapen ministroarekin atzo Madrilen izandako bilera. Abiadura Handiko Trena Bilbora lurrazpitik iristeko proposamena aztertzeko prest agertu da Pastor. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak, berriz, Jaurlaritza "AHT Bilbon, Abandora sartzeko lanak diruz laguntzeko prest" dagoela adierazi du.

Abiadura Handiko Trenak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan izan beharreko sarbideaz hitz egiteko bilera izan zen atzo arratsaldekoa. Proiektuak erkatzeko bilera, batzuen eta besteen lehentasunak ezagutzeko hitzordua. "Giro baikorra, zintzoa eta errealista izan da bileran", Julio Gomez-Pomar Espainiako Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako estatu idazkariaren esanetan.

Bai Aburto alkateak bai Oregi sailburuak ontzat jo dute ministerioak adostasunera heltzeko azaldutako interesa. Erabakiak "aho batez" hartzeko borondatea azaldu duelako.

 

Bilerak eta diseinua

Gasteizko sarrera jorratzeko batzordea urrian bilduko da, eta Bilbo eta Donostiakoak ondoren batzartuko dira. Hiru proiektuak urtea bukatu baino lehen adostuko dituztela aipatu zuten atzoko bileraren ostean partaideek. Eta denbora izan dezakete traba nagusi udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Trenbide Sareak. "Epea laburra" baita. 

Hilabete batean idatzita izan beharko du Aburtoren lantaldeak Madrilen aurkezteko Bilboko sarbidearen ikerlana. Abandon AHTk hiru baldintza bete behar ditu alkatearen arabera: lurrazpitik sartzea, tren zerbitzuari eustea eta egungo trenbideak eragiten duen lubakia ezabatzea. Sustapen Ministeritzak "nire ikuspuntua ulertzen duela", esan du Aburtok, eta "ez diote eragozpenik jarri", gaineratu du.

 

Jaurlaritza Abandoko sarbidea finantzatzeko prest

Ana Oregik baieztatu du 2019ko epe mugari heltzen diola Pastor ministroak. Ordurako hiru hiriburuetako sarrerak amaituta egotea espero du sailburuak. Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan aurreratu du Jauralritza prest dagoela "AHT Bilbon Abandora sartzeko lanak diruz laguntzeko".

 

Atzerapena eta kostuen handitzea

AHTren sarbidea Bilbon lurrazpitik egiten bada 2025ra arte atzeratuko da obra eta 500 milioi euro garestituko da Euskadiko PPko idazkari nagusi Nerea Llanosek adierazi duenez. Llanosek emandako datuak kontutan hartuta, PPren aburuz, sarbidearen proiektua aldatzen bada -soterratzearen alde- EAEko erakundeek proiektuan kooperatu eta finantzaketan parte hartu behar dute: "Horregatik eskatzen dugu Espainiako Estatuaren konpromisoa ez ezik euskal erakundeena, eta zehazki EAJrena".

Zentzu horretan, "zoritxar-igarleek bezala ez jokatzeko" exijitu die Lanosek euskal erakundeei: "Ez diezaiotela trabarik jarri ATH 2019rako martxan jartzeko planari". 

EAEko popularrentzat ATHren proiektua "euskaldun guztion intereserako erabat funtsezkoa da". Ondo hausnartu beharrekoa Bilborentzat "onuragarriagoa" dena da: "ATHren trenbidea soterratzea eta espazioa irabaztea ala espazio hori ez irabaztea Kantalojas zubitik aurrera -Kantalojasera arte lurrazpitik joatekoa da- eta 2019rako trena martxan izatea".

 

[2015-09-22] AHTren "xahubidea eta bideraezintasun soziala" salatu dituzte