Bilbo Zaharrean musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza era berriak sortzen dira. Horien bitartez auzoa "abangoardiako kultur polo" bilakatzea eta herritar guztientzat erakargarri izatea da BLV-ART-en helburua. Gune horren kultur espezializazioa eta bertan bizi direnen beharrei erantzutea. Horrela BLV-ART programak "balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriaren gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu, inguru horretan sortu diren eta bertako kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz".
Programazioa ostegun honetan hasiko da, 20:00etatik aurrera Cristina Celada artistaren 'Historias Incómodas' kafe-antzerkia jasoko duen Peso Neto jatetxean. Taberna batean istorioak kontatzen ari den emakumea da. Emakume antzezlearentzako eta oinarri elektronikoarentzako, gaueko jendearentzako eta lokal ilunetarako literatur kabareta da.
Izan ere, lehen aldiz, BLV-ARTen edizio honek, auzoan erreferentziazkoak diren zenbait aisia eta ostalaritza lokal jasoko ditu eszenatoki gisa, eta horietan hainbat arte proposamen eskainiko dira. Horrela, larunbatean (irailaren 26an), Zubiburu, Badulake edo Marzana 16 establezimenduek hiru antzerki labur pieza jasoko dituzte arratsaldeko 18:30etatik 21:30etara.
Ohikoak diren Bilborock, BilbaoArte edo Berreginen Museoa bezalako guneek ere antzerkitik dantzara, instalazioetara edo performancera doazen zenbait arte proposamen jasoko dituzte. Horien artean, ostiralean, urriaren 2an, 20:30ean, Loida A. Gomezek BilbaoArten estreinatuko duen 'Artaud y otros animales' aipa daiteke. Ohikoa denez, kalea izango da eszenatoki nagusietakoa, ikus-entzuleekin bat egitera irteteko. Ikus-entzuleak dantza eta zinea aire librean aurkituko ditu Martzanako Kaian eta Mariaren Bihotzaren plazan.
Dantzak presentzia azpimarragarria izango du, irailaren 27an, eguerdiko 12:30etatik aurrera Martzanako Kaian 'El show del espectador' lana eskainiko duen Ertza taldearen, eta urriaren 2an, ostiralean, gaueko 22:00etatik aurrera, Mariaren Bihotzaren plazan 'Sorbatza' kaleko ikuskizuna eskainiko duen Kukai Dantza Konpainiaren eskutik.
Zineak bere lekua izango du beste urte batez, 2013an martxan jarri zen Dokuart sekzioarekin. Sekzio horretan, auzoan ari diren emakume sortzaileen lekukotzak eta ibilbideak jasotzen dituen bideoa eskainiko da, eta baita BLV-ARTen edizio honen laburpena ere, iritzien eta jardueren irudien bitartez. Proiekzioa urriaren 1ean izango da, gaueko 21:00etatik aurrera, Mariaren Bihotzaren plazan. Emanaldiaren amaieran aire libreko film laburren zikloa hasiko da, Caóstica elkartearen laguntzarekin. Bertan, zine bizarro jaialdiaren zenbait ediziotan parte hartu duten emakumeek egindako film laburrak eta bideoklipak eskainiko dira.
Programazioa osatzeko liburuak aurkeztuko dira eta Chispún konpainiak euskaraz egindako antzerkia eskainiko du. Antzerkia, baita ere, baina desberdina eta sortzaileek “ez antzerki” gisa ulertzen dutena, izango da Bilborockek irailaren 27an jasoko duena, El Pollo Campero Comidas Para llevar taldearen Sekvantaro ikuskizunarekin (19:30ean).
Programazioari amaiera emateko, igandean, urriaren 4an, Bilborockek 'A to the B' taldearen kontzertua jasoko du 20:00etatik aurrera. Talde afro-euskaldunak Hip-Hop musika egiten du, R&B eta Pop nahasketarekin. Jarduera guztiak, kontzertu hori barne, doakoak izango dira.
Gainera, ohikoa denez, BLV-ARTen aurtengo edizioak neurri handiko horma-irudi berria gehituko dio hiri paisaiari. Oraingo honetan, horma-irudiaren sinatzailea Suso33 (Madril 1973) izango da, nazioartean oso ezaguna den hiriko arte artista. Hainbat diziplinaren bitartez adierazten den oso artelan berezia aurkeztuko du: pintura, ekintza, bideoa eta arte eszenikoak. Artelan berri horrek Kontzezio kalearen 13an dagoen eraikinaren fatxada hartuko du, eta aurreko edizioetako horma-irudiak bezala, inguru horretan ikusi ahal izango den eta biztanleentzat eta Bilbo Zaharrean bizi ez diren gainerako pertsonentzat artearen ikuspegitik elementu erakargarri bilakatu nahi duen bildumaren parte bilakatuko da.
Egitarau osoa hemen: kulturabarrutik.net
Arty Walks
Aurreko edizioan bezala, jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira, baita ere, inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortu diren galeria berrietara eta hiriko artearekin erlazionatutako guneetara egingo diren doako bisita gidatuak. Walks–Arte Zirkuitoa partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitatuko dituzte.
Bisitak irailaren 25ean eta 26an eta urriaren 2an egingo dira. Irailaren 25ean eta urriaren 2an (ostiralak), arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, eta irailaren 26an (larunbata), goizeko 11:30etatik 13:30etara. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Arty Walksek Bilbao Arte bezalako lekuak bisitatuko ditu, baina baita galeria, estudio eta tailer txikiak eta merkataritza establezimendu berritzaileak ere. Leku horietan sustatzaileekin eta artistekin hitz egiteko aukera egongo da.