Agortu dira Guggenheim Museoko gune erreserbatuak jauziak ikusteko zeuden 1600 sarrerak

uriola.eus 2015ko ira. 23a, 12:00

Gaur goizean amaitu dira Guggenheim Museoko gune erreserbatuan 'Red Bull Cliff Diving World Series 2015' txapelketaren larunbateko, irailak 26, final nagusia ikusteko zeuden 1.600 sarrerak.

Hirian, oso nabaria da 'Red Bull Cliff Diving World Series' txapelketaren final nagusiak sortu duen  erakargarritasuna. Gaur goizean ehunka pertsona bertaratu dira Bilboko Plaza Biribileko Turismo Bulegora; bertan, Guggenheim Bilbao Museoko gune erreserbatuan sartzeko eskumuturrekoak lortu nahi zituzten, hau da, Louise Bourgeois artistaren Mama eskulturaren eta Anish Kapoorren El gran arbol y el ojo lanaren arteko gunera sartzeko eskumuturrekoak.

Goizeko 10:00etatik aurrera eta bi ordu baino apur bat gehiago igaro ondoren, gune horretara sartzeko identifikazio-eskumuturrekoak agortu dira. Argi geratu behar da proba ikaragarri hori ikusteko sarrera doan izango dela, baita Salbe zubiko inguruetatik ikusi ahal izango dela ere. Hitzordua larunbatean izango da, irailaren 26an. Milaka zale heltzea espero da, baita munduko 60 komunikabide baino gehiago ere.