uriola.eus

Mintzalagunek "zurekin" hitz egin nahi dute

  Euskara  Bilbo

Euskaltzaleen Topaguneak eta GEU elkarteak Mintzalagunaren 2015-2016 ikasturteko kanpaina aurkeztu dute gaur. 'Zurekin hitz egin nahi dut' da aurtengo leloa eta helburua euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea da. “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak prentsaurrekoan aipatu duenez.

GEU euskaltzaleen elkarteko Zuriñe Etxeberriak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.

Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Aurreko ikasturtean 6.000 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean kopurua handitzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.

Mintzalagunek prentsaurrekoan adierazi dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.

Prentsaurreko amaieran, Manuel Morenok, mintzalagun egitasmoan parte hartzeko deia luzatu die euskaltzale guztiei, praktikatuz, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen laguntzeko.
Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota mintzalaguna.eus webgunean aurki daiteke.

 

Bilbon

Informazioa eskatzeko edota izena emateko bitartekoak Bilbon:

607 530 132

www.berbalaguna.blogspot.com

berbalaguna@aek.org

facebook.com/berbalaguna.bilbo

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa