Zirkulazio aldaketak Salbe zubiaren inguruan eta Uribarrin

uriola.eus 2015ko ira. 24a, 08:00

Bilboko Udalak jakitera eman duenez, gaurtik larunbatera bitartean, zirkulazioan zein Salbeko igogailuaren zerbitzuan aldaketak emango dira Red Bull Cliff Diving World Series izeneko jauzien lehiaketa dela eta. Bestalde, urriaren 5era arte, zirkulazioa eta aparkalekuan neurriak hartuko dituzte Uribarriko jaien ondorioz. 

Gaur, irailak 24 hasi eta hilaren 26ra bitartean, larunbata, ibilgailuen zirkulazioa etengo da Salbe zubian eta oinezkoak Campo Volantin pasealekuaren aldeko espaloitik bakarrik ibili ahalko dira, segurtasun neurriak direla eta. Bestalde, Ibilgailuen zirkulazioa eten egingo da Errekalde zumarkalean, Salberako noranzkoan, Moyua plazaren eta Salbe zubiaren artean, garraio publikorako izan ezik. Zeharkako kaleetan zirkulazioa libre egongo da. 

Neurri hau Salbe zubian, Red Bull Cliff Diving World Series izeneko jauzien lehiaketa egiteko hartuko da eta kotxeek Ugasko tunela eta Deustuko zubia erabili ahalko dituzte ordezko bide bezala.

Lehiaketa honek gainera, beste neurri batzuk eragingo ditu. Gaurtik larunbatera, Salbeko igogailuak eten egingo du Deustuko Zubitik hurbileneko igogailuaren zerbitzua zirkulazio-etenek iraun bitartean. Hau da, gaur, irailak 24, 12:00etatik 16:00etara; hilak 25, 13:00etatik 17:00etara; eta larunbatean, hilak 26, 12:30etatik 18:30etara. Beste igogailua zerbitzuan egongo da momentu oro.

Uribarriko jaiek zirkulazioan aldaketak eragingo dituzte

Uribarriko jaien barruan antolatutako ekitaldiak egiteko, gaurtik urriaren 5era, biak barne, zenbait neurri hartuko dira:

- Zirkulazioa itxita egongo da Ricardo Arregi kalean, Tiboli eta Roke Deunaren kaleen artean. Ordezko bideak Tiboli eta Anselma de Salces izango dira.

- Aparkalekuak okupatuko dira San Roke kaleko 12. zenbakian eta Matiko kalean, Kristo kalearen ondoan. Okupatuko diren guneetan hesiak jarriko dituzte aurretiaz.

- Bilbobusen zerbitzuan ere moldaketak egongo dira. 22, 28 eta G1 lineak Anselma de Salces kaletik desbideratuko dira. Gainera, Ricardo Arregi kaleko 33. zenbakian dagoen geralekua kendu eta berri bat (abian dagoeneko) egokituko da aipatutako lineetarako Anselma de Salces kaleko 2. zenbakian.