2007an Bilboko Udalak txirrindulentzako bidegorri sare handi bat egiteko egitasmoa landu zuen, 70 kilometrotako bidegorri proiektua aurkeztu zuten prentsaren aurrean zarata handia eginez, oso proiektu landua eta ederra paperean, baina hiri askotan gertatu den bezala paper hori kajoi batean gordeta geratu zen eta oso bidegorri kilometro gutxi gauzatu ziren azkenean.
Azken lau urteotan Bilboko Udalak ezer gutxi egin du txirrindularen erabilera bultzatzeko, bidegorri berririk ez behintzat, eta gaur egun Bilbon ez dago bidegorri sarerik, badaude bidegorri zatiak hirian zehar, gutxi eta loturarik gabe haien artean.
Horrela Bilbo, Estatu espaniarreko hirien artean, bizikletaren erabileraren azken postuetan agertzen da OCU erakundeak eginiko ikerketa batean.
Bilbon bizikleta oso gutxi erabiltzen da, Eusko Jaurlartzaren 2011ko mugikortasun inkestaren arabera Bilbon 4.487 joan-etorri egiten ziren egunero, Donostian ordea 18.943 joan-etorri eta Gasteizen 54.379, hau da, Bilbon baino hamabi aldiz gehiago, hiri txikiagoak izanik!
2014an Bilbo 30 km/o hiria izatea adostu zuen Bilboko Udalbatzak, helburu ederra egia esan, baina nola gauzatuko da hori? Papereak dena onartzen du, baina Bilbo benetan 30 km/o hiria izateko lan handia egin behar da, eta guk momentuz ez dugu lan hori inondik ikusi... Maiatzeko hauteskunden osteko Udalbatza berriak gai honi ekingo dio azkenean? Horixe nahi genuke.
30 km/o abiadura muga behar dugu kotxeentzako
Hirietan kotxeen abidadura 30 km/o-ra mugatzea oso garrantzitsua litzateke. Hiri humanoagoa, atseginagoa ekarriko luke honek, kutsadura gutxiago, zarata eta estres gutxiago eta arrisku gutxiago txirrindulari eta oinezkoentzako. Gaur egun oinezkoentzako kaletik ibiltzea ez da atsegina kale askotan, trafiko handia dago eta abiadura handiz, kutsadura, zarata, estresa, semaforo ugari... honek ez du laguntzen jendeak oinez mugitzea.
Kotxeen abiadurak txirrindula erabiltzea zailtzen du, estresa sortzen du kotxeekin abidadura borrokan ibili beharrak, arriskua nabarmena da askotan eta jendea bildurtzen da, horregatik 30 km/o-ra mugatuak diren kaleetatik txirrindularen erabilera asko handitzen da.
Zoritxarrez, gaur egun Bilbon kotxea da protagonista, hiriko espazio gehiena berarentzat da, kotxeari lehentasuna ematen zaio, horixe da dugun paradigma. Hori aldatu behar dugu denon artean, hiri eredu berri bat sortu behar dugu. Mugikortasun aktiboari, hau da ibiltzeari eta txirrindulari lehentasuna eman behar diegu eta kotxeei apurka kendu.
Kotxeak 30 km/o-ko muga badute, frogatuta dago oinezkoen harrapaketa gutxiago dagoela eta gainera harrapaketak ez direla hain larriak. Abiadura txikiagoa izanik gidariak arreta hurbilago jartzen du, ez urrunean, eta hori dela eta oinezkoak hobeto ikusten ditu.
Kotxeen 30 km/o abiaduratik gora harrapaketen kopurua eta larritasuna exponentzialki igotzen dira, eta gauza bera esan daiteke txirrindularien segurtasunari dagokionez.
Biziz Bizi elkartea
biziz.bizi@gmail.com